Kaleka, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia. Izen berri horrekin iritsiko da, uztailaren 5etik 7ra, 34. Kaleka. Orain artean, Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia izan da, baina kaleko arteak aipatuz zuzeneko arteen forma berriak barne hartu dituzte, eta artearen alderdi soziala azpimarratu. Hala, norabide berri horri helduko dio aurtengo Kalekak, eta ikusleak ikuskizunak bere egitera gonbidatuko ditu. Horren adibide, aurten sortutako KALEKAri atala, publikoa jaialdiaren parte izatera bultzatuko duen esparrua. Egitarau ofizialari dagokionez, Euskal Herriko eta nazioarteko 12 konpainiaren ikuskizunak ikusi ahal izango dira: Twisting The Balance, Guga&Silvia, Kamikaz Kolektiboa... Bestalde, Kaleka Scratch atalean, ohi den moduan, sortze prozesuan den lan bat izango da ardatza. Aurtengoan, Okamika taldearen Herriaren Bihotza izango da protagonista. Jaialdiaren nondik norako guztiak, kaleka.eus gunean.

489beka

Durangoko Azokaren 7. Sormen Beka, esku hartze artistikoei

Euskarazko sorkuntza sustatu eta sortzaile berriei laguntzea helburu duen Sormen Beka DA! egitasmoaren zazpigarren edizioa martxan da. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak antolatuta, Durangoko Azokan jakinarazten dute irabazlea. Urtero, kultur diziplina bat lagundu ohi du bekak, eta aurtengoan esku hartze artistiko bat izango da. 'Euskara jendea' izan beharko du gai, eta edozein diziplinatan gauzatu ahal izango da: piktorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa... Hori bai, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta/edo museo inguruan egin beharko da. Azken urteotan, Durangoko Azokak hainbat ekitaldi antolatu izan ditu museo horretan, eta aurtengo beka eskuratzen duen proposamena ere bertan eskainiko dute 2025ean. Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da. Oinarri zehatzak durangokoazoka.eus gunean daude ikusgai.

489oscar

ENDREDO KOMEDIEN zorotasuna eta sentimendu kontrajarrien argi-ilunak nahasiko ditu Oscarra Oscarrentzat antzezlanak, Txalo Produkzioak konpainiaren hurrengo estreinaldiak. Mario Hernandezek idatzi eta zuzendua, Los Angelesen (AEB) kokatuko gaitu istorioak: Oscar sarien banaketa hastear dela, sari bat jasotzeko hautagaia den zinema zuzendari gaztea, bi politikari eta escort girl bat batuko dira motel bateko gelan, eta eztabaida eta sesio artean elkar gorrotatu, elkar maitatu eta beste mila kontu biziko dituzte. Jon Plazaolak, Ane Gabarainek, Mikel Laskurainek eta Oihana Maritorenak jokatuko dituzte lau protagonisten rolak. Abuztuaren 15ean estreinatuko dute lana, Donostiako Antzoki Zaharrean.

489autoritateak

PERTSONA IZENEN autoritateak euskaraz modu bateratuan idazteko tresna sortu dute: autoritateak.eus. Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Autoritateen Lantaldearen arteko hitzarmenaren emaitza da. Pertsona izenen idazkera bateratzeko lanean ari dira duela zenbait urtetatik, beste zenbait erakunderekin batera. Gune honetan, edonork kontsultatu ahal izango ditu izenen idazkera arautu eta bateratuak: liburutegiek, hedabideek... Lantaldeak 500 bat izen arautu ditu eta pixkanaka ari dira atarian jasotzen.

489audiogile

TABAKALERAK eta EITBk sortutako Audiogile Berriak ekimenean hautatutako hiru soinu fikzioen artean, bi ekoitzi eta zabalduko ditu EITBk: Xabier Payaren De rigor mortis, deialdiaren irabazlea, eta bigarrena izan dena, Garazi Urkolaren eta Hodei Arrastoaren Enkantea. Biak ere EITBren GUAU-Gure Audioa audio plataforma estreinatzeaz batera zabalduko dituzte, udazkenean. Orduan jarriko da martxan, halaber, Audiogile Berriak II deialdia.

489poltsiko

ZABALIK da Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XV. Proiekturako deialdia. Formatu txikiko euskarazko antzerkia sustatzeko antolatzen du Donostia Kulturak. Lan irabazleak 2.500 euro jasoko ditu sormen proiektua gauzatzeko, eta finalistak, berriz, 2.000 euro. Gainera, hurrengo Poltsiko Jaialdian lau emanaldi eskainiko dituzte, eta horren truke 3.000 euro eta 2.500 euro jasoko dituzte irabazleak eta finalistak, hurrenez hurren. Lanak irailaren 20ra arte aurkez daitezke. Oinarriak, donostiakultura.eus atarian.

489duelo

UZTAILAREN 1etik 6ra, kale antzerkiak Bilboko hainbat toki hartuko ditu, Kalealdia kaleko antzerki arteen jaialdiari esker. Aurtengoa 25. aldia izango du, eta guztira genero ugaritako 86 ikuskizun eskainiko dituzte hiriko bost gunetan. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Jean Philippe Kikolas-en Duelo izan ezik (3 euro balioko du sarrerak eta bildutakoa Aita Mari itsas salbamendu ontziari laguntzeko baliatuko da). Egitaraua bilbokokalealdia.eus webgunean jaso dute.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.