Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo ildo nagusiak jakinarazi ditu. Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu duenez, “arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei”. Horretarako, ohi bezala, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak eskainiko ditu. Aurtengoa, 22. edizioa, ekainaren 23tik 30era egingo da Bilboko hainbat lekutan. Film luzeei dagokienez, FIK, DOK eta KRAK kategoriak izango dira, urtero legez. Film laburrak ikusteko, bost ziklo eskainiko dituzte hainbat gairen inguruan: emakume zuzendariak, haurtzaroa eta nerabezaroa, memoria... Euskal Herriko produkzioek ere lekua izango dute, baita nazioarteko gonbidatuek ere. Besteak beste, Zero Chou Taiwaneko zinema zuzendariak jaialdiaren Ohorezko Saria jasoko du. Jaialdia abiatu baino lehen ere izango da zer ikusi, ekainaren 19tik 22ra 3, 2, 1... Zinegoak aurrejaialdia egingo baita.
Eztena jaialdia sorlekura itzuli da
Ekainaren 5etik 8ra egingo da Eztena arte eszeniko garaikideen 17. jaialdia, Errenterian. Hamazazpigarren edizio honen lelo nagusia Sorlekua izango da. Izan ere, sorlekura itzuliko da aurten jaialdia: Mikelazulo kultur elkartean sortua, hura hainbat urtez itxita egon ostean berriro zabaldu ditu ateak. Ondorioz, sorlekura itzultzeko gonbita egingo du jaialdiak. Hala, Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturgunean ez ezik, Mikelazulon ere zenbait emanaldi eskainiko dituzte. Eztenako lantaldeak, Zizt! kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatutako jaialdiak sorrerako helburuari eutsiko dio: formetan eta antolakuntza moduetan arriskuak hartzen dituzten sortzaileei plaza eskaintzea. Horrenbestez, askotariko lanak ikusi ahal izango dira, besteren artean Mikele Urrozen Mendia, Formol Laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena, Mari Zaunkaren Erreka ondoan, bi gezur, Pez Limboren Daisy Crazy... Egitarau osoa www.eztena.eus webgunean jaso dute, eta bertan eskura daitezke, halaber, sarrerak.
GURE ZIRKUAK jasoko du 2025eko Abadia saria. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen du hizkuntzaren biziberritzean ekarpen nabarmena egiten duten herritar eta eragileen lana aitortzeko. Aurtengoan, Gure Zirkua saritzea erabaki dute, “aisiaren eta dibertimenduaren bidez” euskarari egin eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik. 2017an sortu zen Gure Zirkua, euskaraz jarduten duen zirku bakarra. Harrezkero, herriz herri ibiliz, ibilbide arrakastatsua ondu du. “Elkartasuna, sormena eta inklusioa modu eredugarrian” lantzen duela ere kontuan hartu du Aldundiak. Gure Zirkuko ordezkariek ekainaren 19an jasoko dute saria, Eibarren. Aurten sariak 25. edizioa duenez, aurreko asteetan ekintza bereziak izango dira.
AHALAKEN soinu-fikzioa estreinatu du EITBren GUAU audio plataformak, Irulegiko eskua oinarri duen zortzi kapituluko thrillerra. Xabi Payak eta Aitzol Barandiaranek sortu dute. Euskararen jatorria abiapuntu, euskararen misterio, aberastasun eta indar sinbolikoari erreparatzen dio. Kapitulu bakoitzeko, AA bidez sortutako bideoak ere zabalduko dituzte sare sozialetan. Kontakizunean agertzen diren museoetan jarraipena izango du istorioak, bisitarien esku QRak jarriz errealitatea eta fikzioa uztartuta.
KATEDRA aplikazioa sortu dute Haritz Jamar, Ander Mina eta Unai Olaz pilotazaleek, erabiltzaileek pilotari buruz duten ezagutza neur dezaten. Kiniela formatua erabilita, pilota partiden emaitzak asmatu behar dituzte. Hori bai, ez da dirurik jokatzen. Gazteak pilotara hurbiltzeko helburua du aplikazioak, kirol hegemonikoek dituzten beste hainbaten antzera. Doakoa da Katedra, eta etorkizunean hobetzeko asmoa dute sortzaileek.
VALENTZIAKO eta Madrilgo Euskal Etxeek Europako Euskal Etxeen III. Euskarazko Podcast Lehiaketa antolatu dute. Euskal diasporako euskaldunentzat eta Euskal Herritik kanpo euskara ikasten dutenentzat da, eta bi maila ditu: bata euskara ikasten ari direnena eta bestea euskara “normaltasun osoz” erabiltzen dutenena. Bakarka edo taldean, gai libreko podcasta aurkeztu beharko dute parte hartzaileek ekainaren 5a baino lehen. Oinarriak, Valentziako Euskal Etxearen webgunean: https://euskaletxeavalencia.com/.
EKAINAREN 8an amaituko da 13. Ibilki programaren lehen zatia, Urruñan, haur eta gazteentzako Elealai euskarazko jaialdiaren barruan. Honako lan hauek izango dira ikusgai: Fla Fla Fla, Dantzalai konpainiarena; Denak plazara!, Pontx pailazoarena; Itsaso zabalera, Bat Egin taldearena; Plisti Plasta, Alabenarena; eta Txiotxioka, Elirale konpainiarena. EKE Euskal Kultur Erakundeak antolatzen du Ibilki, Ipar Euskal Herrian euskarazko kultura ezagutarazteko, eta uztailetik aurrera hasiko du bigarren zatia.