Zhang Yimouren Yi miao zhong filmarekin hasiko da, irailaren 17an, Donostiako 69. Zinemaldia. Sail ofizialean lehiatuko da zuzendari txinatarraren lana, beste hamabost filmekin batera. Sail berean, baina Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatik kanpo, lau film gehiago eskainiko dituzte. Zinemaldia irailaren 25ean amaituko da eta ohiko sailak izango ditu: Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, New Directors... Zabaltegi-Tabakaleran, hain zuzen, Kimuak film laburren saileko lan batek parte hartuko du: Heltzear, Mikel Gurrearena. Atzerabegirakoak Koreako zinemaren urrezko aroari erreparatuko dio. Beti bezala, euskal ekoizpenen tarte nagusia Zinemira sailak hartuko du. Aurten, guztira, hamazazpi euskal ekoizpen izango dira Zinemaldian. Bestalde, zeresana eman eta emango du lerrook idazterakoan jakina zen Donostia Sariak, Johnny Depp aktoreak. Haren emazte ohi Amber Heard aktoreak tratu txarrak egotzi zizkion birritan, eta, hori dela eta, erabakiaren kontrako iritziak izan dira.

460ibilki

ABIAN DA Ibilki programaren bederatzigarren edizioa. EKE Euskal Kultur Erakundeak antolatua, Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkia hedatzea du helburu. Abuztuan hasi eta abendura arte, hamar konpainiaren hogei emanaldi inguru eskainiko ditu Ibilkik Ipar Euskal Herriko hamar herritan. Irailari dagokionez, 10ean Atzerrian lurra garratz eskainiko du Artedramak; eta 19an, Hiriburun, Compagnie Jour de Fête-k Bidea antzeztuko du. Urrian, ostera, lau emanaldi izango dira: 8an, Ziburun, Rouge Elea-ren Zuek; 9an, Maulen, Compagnie Nanoua-ren Kutxetan Ibilki; 10ean, Donibane Lohizunen, Axut!-en Amua; eta 30ean, Bonbon Beltz Konpainiaren Gure xaharrak. Abendura bitarteko egitarau zehatza EKEren webgunean (www.eke.eus) ikus daiteke.

ALBISTE KOSKORRAK

460leioa

IRAILAREN 16tik 19ra egingo da Leioako XXI. Umore Azoka. Iaz pandemia zela eta jaialdia bertan behera utzi ostean, antzerkiak Leioako kaleak beteko ditu berriro, osasun neurriak hartuta: emanaldiak Leioako hainbat lekutan izango dira, kalean, baina ikusle kopurua mugatuta. Horretarako propio jarritako karpak egongo dira. Orotara 39 konpainia izango dira, gehienak Euskal Herrikoak. Guztira, 22: Deabru Beltzak, Bilaka Kolektiboa, Hortzmuga Teatroa, Hika Teatroa, Zirkozaurre... Espainiako Estatutik 14 talde etorriko dira, eta beste 3 Belgika, Portugal eta Ukrainatik.

460tartean

TARTEAN Teatroak azken urteotan ekoitzitako antzezlanak zein Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako Ezdokhiru bikote artistikoaren lanak sarean modu irekian ikusteko aukera dago, doan. Uztailean, hiru lan sareratu zituzten: Ghero: Azken euskalduna, Pankreas eta Zergatik, Jamil? Irailean, hamar egunean behin, honako hauek paratuko dituzte ikusgai: Lingua Nabajorum, Euskarazetamol, Larru Haizetara eta Ez Dok Hiru. Euskal Musikaren benetako istorioa. Denak Tartean.eus atarian daude ikusgai, Online atalean.

460xibero

ZUBERERA HOBETO ulertzeko eta hitz egiten ikasteko helburuarekin, XiberoKazt izeneko podcasta sortu du Sü Azia elkarteak. Hain zuzen, Zuberoako euskalkia sustatzea du helburu elkarteak, eta podcastaren bidez ahozkotasunari eman nahi dio indarra. Testu zaharrak entzuteko aukera eskaintzen du podcastak, azalpen eta oharrekin. Helbide honetan entzun daitezke: https://podcast.ausha.co/xiberokazt.

460nora

IAZKO Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean eskaini zuten arren, Lara Izagirreren Nora filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango da irailaren 3tik aurrera. Hilaren 8an, berriz, Ipar Euskal Herrian estreinatuko dute. Ane Pikaza du protagonista nagusi, eta alboan ditu, besteak beste, Hector Alterio, Naiara Carmona, Ramon Barea eta Klara Badiola aktoreak. Drama eta komedia nahasten dituen road movie-ak euskara du hizkuntza nagusia, baina ez bakarra.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.