Uztailaren 4tik 6ra egingo da 35. Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia. Hiru egunez, kaleko arteen forma tradizionalak zein berriak eskainiko ditu Lekeitioko hainbat bazterretan. Guztira, hamahiru ikuskizun izango dira, hamar Kalekaren programa ofizialean eta beste hirurak Kaleka Scratch sailean. Kaleka ofizialean, honako talde hauek hartuko dute parte: Atx Teatroa, La Pez, Goitibera, Mama Crea, Enbata eta Komorebi kolektiboa, denak euskaldunak, eta nazioarteko Barosolo, Cía Jimena Cavalletti, Mime Hoost eta Soon Company. Kaleka Scratchen, berriz, Hembrage Kolektiboa euskal taldeak eta atzerriko Papito eta Niñas Malditas-ek hartuko dute parte, hirurek ere garapen edo sorrera prozesuan dauden lanekin. Emanaldiez gain, beste bi atal nagusi izango ditu jaialdiak: Kalekaz Blai eta Kalekari, herritarren eta ikusleen parte hartzea sustatzen dutenak. Xehetasun1 guztiak https://kaleka.eus atarian daude ikusgai.

1. Xehetasun: detalle (es), détail (fr).

499aidanez

Euskarazko lau film zaharberrituko dituzte

Euskadiko Filmategiak eta EITBk sustatuta, 80ko hamarkadan egindako lau euskal film zaharberrituko2 dituzte: Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986). Lau filmak euskarazko literatur lanetan oinarrituak daude. Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du zaharberritzea, 80.000 eurorekin. Hain zuzen, 80ko hamarraldian, Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatu zituen Lertxundiren, Ungríaren eta Elorriagaren pelikulak, euskarazko zinema sustatzeko xedez. Uztailean hasiko dituzte zaharberritze lanak, Boloniako (Italia) L’immagine Ritrovana laborategietan. Lau filmen zuzendariak ere joango dira Italiara, lanak gainbegiratzera. Zaharberritze prozesua abuztuan amaituko dute eta irailean pantaila handian eskainiko dituzte, Donostiako Zinemaldiko Klasikoak sailean.

2. Zaharberritu: restaurar (es), restaurer (fr).

499audiogile

XABIN FERNANDEZEN Zure ilunetan proiektuak irabazi du Audiogile Berriak 2025eko deialdia. Horrenbestez, EITBk lana ekoitzi, eta Guau audioplataforman zabalduko dute. Ekoizpenerako, 30.000 euroko aurrekontua izango du. Zientzia fikziozko kontakizuna da Zure ilunetan, eta bost atal izango ditu. Tabakalerak eta EITBk antolatzen dute Audiogile Berriak egitasmoa, euskarazko soinu fikzioa sustatzeko. Bigarren edizioa du aurtengoa. Hiru finalisten artean gailendu da Zure ilunetan. Bigarren postua Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest! lanak eskuratu du, eta Gaizka Sarasuaren eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea lanak, hirugarrena.

499deabru

SU TALKA gaueko ikuskizun ibiltaria estreinatu zuen joan den ekainean Deabru Beltzak kale antzerki taldeak. Sei aktore eta musikarirekin, perkusioa, piroteknia eta hitzik gabeko dramaturgia uztartzen ditu. Bretainiako Le Printemps des Abers jaialdian estreinatu zuten. Nazioarteko estreinaldiaren ondoren, Euskal Herrian ere ikusi ahal izango da: uztailaren 3an, Mungian; abuztuaren 2an, Guardian; 14an, Aretxabaletan...

499dantz

MUSIKA ELEKTRONIKOA eta garaikidea adierazpen artistikoekin uztartuta, Dantz Point ekimenak emanaldi ugari eskainiko ditu aurtengo udan Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan: uztailaren 4an, Sestaon; 18an, Hernanin; 19an, Zumaian; irailaren 6an, Iruñean... Horrez gain, abuztuaren 29an eta 30ean, 9. Dantz Festival jaialdia egingo da Donostian. Dantz laborategiak antolatzen dituen ekimen guztien egitarau zehatza https://dantz.eu/ atarian ikus daiteke.

499kalerki

UZTAILAREN 3tik 5era egingo da Kalerki Zarauzko kale antzerkiaren eta arte eszenikoen 32. jaialdia, eta orotariko diziplinak eskainiko ditu: dantza, zirkua, kluna... Guztira, Euskal Herriko zein nazioarteko hamar konpainiaren lanez gozatu ahal izango da. Besteak beste, Amaia Elizaran & Neonymus-en Iraun, Lasala dantza konpainiaren Burnt, Mama Crea-ren Desiderata eta Soon Circus Company-ren Gregarious.

499euskaraldia

EUSKARALDIAREN aurtengo edizioaren balorazioa egiteko, beste gauza batzuen artean belarripresten eta ahobizien bizipenak jaso nahi dituzte antolatzaileek. Hala, parte hartzaileei eskatu diete https://euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartzeko eta ariketan bizi izandakoak kontatzeko. Hain zuzen, Euskaraldiak utzitakoen artean dugu Belarribizi eta Ahoprest film labur ederra. Oskar Alegria zinemagileak Nafarroako Artazu herrian grabatua, herria bera, herritarrak eta beren hizkuntza ohiturak erakusten ditu. YouTubeko Euskaraldiaren kanalean ikus daiteke.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.