Aurten, 35 urte bete ditu Hika Teatroak, eta Zorretan lana estreinatuko du, urrian, urteurrena ospatzeko. Amatasunari, zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa, Agurtzane Intxaurragak, antzerki taldearen zuzendariak, idatzi eta zuzendu du. Ibilbide luzea du taldeak, betiere bere izaera sozialari eutsita 30 ikuskizun propio baino gehiago ondu baititu urteotan. “35 urte luze hauen ondoren beldurrei aurre eginez, gogoari erabateko askatasuna emanez, eskarmentuaren babes zabalarekin eta bide berriak probatzeko asmoarekin sortutako antzerki testua” da Zorretan, Intxaurragak azaldu duenez. Haren zuzendaritzapean ariko dira, oholtzan, Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastortza aktoreak. Urriaren 25ean aurkeztuko dute, Donostiako Gasteszenan, eta 26an ere leku berean eskainiko dute. Ondoren, beste hainbat tokitan ikusi ahal izango da: azaroaren 6an, Bilboko Arriagan; 8an, Oñatin; 10ean, Azpeitian...

490so2

Migratzaileen odisea oholtzara eramango du Artedramak

Arg: Artedrama

Afrikatik Europarako bidean migratzaileek sufritzen dituztenak taularatuko ditu Artedrama konpainiak, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa, 2019) liburua antzerkira egokituta. Hain zuzen, Balderen bizitzaren kronika da Miñan, Arzallusek jasoa eta kontatua. Balde Ginean jaio zen, baina etxea utzi eta Europarako bidaia hasi zuen, anaia gaztearen bila. Bidean, basamortua eta Mediterraneoa zeharkatu zituen; pasatzaile, polizia eta bahitzaileekin topo egin, eta denetariko sufrikarioak pairatu zituen: mina, gosea, egarria... Arzallusek dioenez, “Ibrahimaren historiak ezin hobeki laburbiltzen du migratzaileen odisea”. Balderen eta Arzallusen lana Timberlake Wertenbaker-ek egokitu du, eta Ander Lipusek zuzendu. Lipus bera aktore ariko da, Sambou Diavy, Eihara Fernandez de Larrea eta Mikel Kayerekin batera. Estreinaldia urriaren 25ean izango da, Bilboko Arriaga Antzokian, eta 26an ere bertan eskainiko dute, bira luzeari hasiera emanez.

490emmanuelle

AUDREY DIWANEN Emmanuelle filmak emango dio hasiera Donostiako 72. Zinemaldiari, irailaren 20an. Sail Ofizialaz gain, eskaintza oparoa izango du Zinemaldiak, irailaren 28ra arte, gainerako sailei esker. Euskal zinemari dagokionez, Zinemira saila izango da erakusleiho nagusia. Aldizkari hau inprimategira bidaltzerakoan oraindik ere ezagutarazi gabea zuten Zinemaldiko egitarau osoa, baina ordurako jakina zen bi euskarazko lan, gutxienez, ikusgai izango direla: David Perez Sañudoren Azken erromantikoak film luzea Zuzendari Berriak sailean eta Izibene Oñederraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean.

490artea

ARTEA antzezlan ezaguna berrestreinatuko du Txalo konpainiak irailaren 6an, Ordizian. Yasmina Rezaren Art antzezlana 1998an estreinatu zenetik, sekulako arrakasta izan du. Besteak beste, 35 hizkuntzatara itzuli da. Euskaraz duela ia hogei urte estreinatu zuen Txalok, Carlos Zabalaren zuzendaritzapean. Oraingoan, Begoña Bilbaok zuzendu du, baina orduko aktore talde berarekin: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza. Koadro moderno bat ardatz hartuta, adiskidetasuna du hizpide Artea komediak.

490zinebilera

EUSKAL ZINE BILERAK, euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak, 47. edizioa egingo du urriaren 17tik 20ra bitartean. Lerrook idazterakoan ezagutarazi gabeak zituzten Sail Ofizialean parte hartuko duten lanen izenak. Euskara hutsean egiten den jaialdi beteranoena da Euskal Zine Bilera, eta, ohi den moduan, hainbat sari banatuko ditu: film eta zuzendaritza onena, Benito Ansola saria... Jaialdiaren nondik norakoak  zinebilera.eus atarian ezagut daitezke.

490ibilki

2024ko IBILKI programaren bigarren atala abian da. Hala, abendura bitartean, hainbat antzerki, dantza, musika, zinema eta literatura emanaldi eskainiko dira Saran, Ziburun, Urruñan, Hendaian, Maulen, Donapaleun, Kanbon, Baionan, Senperen eta Biarritzen. EKE Euskal Kultur Erakundeak antolatzen du Ibilki, Ipar Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezkoak hedatzeko asmoz. Txoborro magoa, Artedrama, Pontx pailazoa... hainbat artistak eta taldek hartuko dute parte. Egitarau osoa  www.eke.eus webgunean dago ikusgai.

490euskorleans

IRAILAREN 4tik 16ra, 40 ekitaldi eskainiko ditu 34. Dantzaren Maitaldiak, hala Biarritzen nola beste hamasei herritan: Baiona, Errenteria, Maule, Luhuso, Atharratze... Emanaldietatik 28 antzokietan izango dira, eta asko doan. Guztira, mundu osoko 41 dantza konpainia bilduko dira, tartean hiru euskal talde: Bilaka Kolektiboa Ilauna lanarekin, Dantzaz konpainia Distirak ikusgarriarekin eta Kukai Dantza Euskorleans-ekin. Egitaraua ikusteko eta sarrerak erosteko,  www.letempsdaimer.com jo behar da.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.