Labayru Fundazioak sarean paratu du Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa lan mardula. Joxemiel Barandiaranek 60ko hamarraldian garatutako ikerketa etnografikoko egitasmoa du abiapuntu. Lan hari Etniker Euskalerriak eman zio jarraipena. 1990etik 2017ra argitaraturako zortzi liburukik osatzen dute atlasa, oraingoz, non XX. mendetik gaur egunera arteko euskal kulturaren eta bizimodu tradizionalaren ikuspegi orokorra biltzen den. Zortzi liburukietako edukia zortzi ataletan sareratu dute: Etxea eta familia; Etxeko elikadura; Haur jolasak; Herri medikuntza; Ohikuneak jaiotzatik ezkontzara; Heriotza ohikuneak; Abeltzaintza eta artzaintza eta Nekazaritza. Webgune honetan topa daiteke atlasa: atlasetnografico.labayru.eus. Gaztelaniaz dago osorik, baina atal bakoitzaren euskarazko laburpenak ere baditu, baita frantses eta ingelesezkoak ere.

Zenbait edukitan euskara sartuko du Netflixek

Netflix streaming plataformak jakinarazi duenez, euskarak leku gehixeago izango du plataformaren eskaintzan. Zehazki, 200 orduri azpitituluak jarri, eta 20 ordu bikoiztu egingo dituzte. Azken horiei dagokienez, haurrentzako edukiak izango dira, denak ere Netflixenak berarenak. Bikoiztutako edo azpitituluz hornitutako filmen artean izango dira, besteak beste, Pinocho, The Mother eta Sandman. Euskarazko edukiok aurten gehituko dizkiote plataformaren katalogoari, pixkanaka. Euskarari bezala, katalanari eta galegoari ere presentzia handiagoa emateko asmoa azaldu du AEBetako plataforma ezagunak. Gainera, urtetik urtera eskaintza handituko dutela ere jakinarazi dute. Eusko Jaurlaritzak oso garrantzitsutzat jo du erabaki hori. Bestalde, Pantailak Euskaraz taldeak aurrerapausoa dela esan du, baina “ez nahikoa”, euskararen presentzia plataformaren katalogoan oraindik ere “anekdotikoa” baita.

ALBISTEOK irakurtzen ari zaretenerako 22. Korrika abian izango denez, nondik nora dabilen jakin nahian ibiliko zarete. Korrika.eus webgunean ibilbidea ikusteko eta deskargatzeko aukera badago ere, unean uneko jarraipen zehatza egiteko Korrika aplikazioa da egokiena: AEK-k sustatua eta Akting enpresak garatua, une oro jakinaraziko dizue Korrika non dabilen. Gainera, aurten bilatzailea hobetu diote, estaldura arazoak ekiditeko programa berria gehituta. Ibilbideari buruzko xehetasunez gain, bestelako informazioa ere badakar aplikazioak: Korrikaren sareetarako sarbidea, kanta... Android eta IOS sistema eragileen dendetan eskura daiteke, musu-truk.

DONOSTIAKO Giza Eskubideen 19. Zinemaldia apirilaren 1etik 8ra egingo da. Lerrook idazterakoan, ezagutarazi gabeak ziren aurtengo edizioaren egitaraua eta xehetasunak. Halere, zenbait kontu jakinak dira dagoeneko; adibidez, Okendo kultur etxean eta Tabakaleran ikusgai diren erakusketak: Gervasio Sánchezen argazkiekin osatutako Emakumeen aurkako indarkeria nazioarteko gatazketan eta Marc Espinenekin hornitutako Adineko emakume helduen erretratua El Salvadorren, hurrenez hurren. Adi zinemaldiaren webguneari: www.zinemaetagizaeskubideak.eus/2022/.

IAZKO MAIATZEAN, Euskarazko estreinaldiak 2016-2020 azterlana kaleratu zuen Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, epealdi horretan euskarazko antzerkiak emandakoak bildu ostean. Lali Marimonek egin zuen, Agus Perezen laguntzarekin. Aurten, ikerketa haren bertsio osatuagoa egin du Marimonek: Euskarazko estreinaldien inguruko datuen bigarren azterketa. 2011- 2021. Bertan, urte gehiagotako datuak bildu dituzte. Ehazeren webgunean (ehaze.eus) deskarga daiteke.

EUSCRAWL izeneko euskarazko hitzen corpus librea sortu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko informatikari euskaldunen Ixa taldeak. Corpus erraldoia da: guztira, 12,5 milioi dokumentu eta 423 milioi hitz ditu, hainbat iturritatik hartuak, eta zenbait formatutan erabilgarri jarri dute, Creative Commons lizentziarekin. Adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza ereduen teknologian erabiltzeko baliagarria izango da. Horrez gain, hizkuntza aztertu nahi duen ororentzat ere erabilgarria da. Helbide honetan balia daiteke: http://ixa.ehu.eus/euscrawl.

APIRILAREN 22tik 24ra egingo da, Bilbon, XPREST! AUX zinema espresaren jaialdiaren 10. edizioa. Zinemakumeak gara! zinema jaialdiak AUX Magazine aldizkariaren laguntzarekin antolatutako jaialdi honetan, emakumeek zuzendutako lanak bakarrik aurkez daitezke, euskaraz, gaztelaniaz edota audiorik gabeak. Parte hartzeko deialdia eta oinarriak jaialdiaren webgunean daude: http://festivalxprest.com/eu. Izena eman ere bertan egin behar da.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.