Aldatu Gidoia mugimenduak deituta, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Gasteizen, iragan maiatzaren 18an, Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kultura, hizkuntza eta gizarte alorreko 34 eragileren babesa jaso zuen mobilizazioak, besteak beste AEKrena. Manifestazioan, erakundeen kultur eta ikus-entzunezko politiketan euskarak bigarren mailako tokia duela salatu, eta euskara oinarri duten politikak egiteko eskatu zioten eratzear den Eusko Jaurlaritzari eta EITBri. Hain zuzen, helburu horrekin sortu zen Aldatu Gidoia mugimendua: Eusko Jaurlaritzari kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik alda ditzala eta euskara erdigunean jar dezala eskatzeko, EITBren irrati eta telebistetan gaztelaniazko edukiak lehenesten direlako. Kulturaren eta ikus-entzunezkoen hainbat ordezkarik ere hartu zuten hitza, alor ugaritako egoera salatu eta aldatzeko eskatzeko: euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, bikoizketa...
Erromeria taldeak, plataforma bakarrean batuta
Euskal Herriko erromeria taldeen jarduna “indartu, bateratu, duinagoa egin eta haien baldintzak hobetzeko” xedearekin jaio da erromeriak.eus, euskal erromeria taldeak bildu nahi dituen plataforma. Erromeria taldeei dagokienez erreferentziazko gune izateko asmoz sortu dute. Hala, erromerien antolatzaileek dei bakarrean jakin ahal izango dute plataformako taldeen egutegia, baita aurrekontuak jaso ere. Horrez gain, bestelako helburuak ere baditu plataformak. Erromeria taldeen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi ditu, baita haien eta euskal musika taldeen arteko zubia sortu ere, “euskal sortzaileen egile eskubideak erromerietan ere bermatu ahal izateko”. Gainera, erromerien lana balioetsita, “duinagoa” egin nahi dute, besteak beste kontzertuen baldintzak hobetuz. Egun, 11 talde batzen ditu plataformak: Oxabi, Trikizio, Gora Herria... baina gehiago sartzeko aukera ere eskaintzen du.
2024ko EZTENA ANTZERKI JAIALDIAK bestelakotasunaren kontzeptua izango du ardatz. Hamalaugarren aldia du Errenteriako jaialdiak, eta egitarau “nabarmen queerra” edukiko du, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Hala, ekainaren 6, 7, 8 eta 9an, identitate berriak eta giro ez mainstreama biltzen dituzten hainbat emankizun eskainiko dituzte: ikuskizunak, performance kolektiboak, tailerrak... Besteak beste, lan hauek ikusi ahal izango dira: Amaia Bonoren Belarriprest; Danele Sarriugarte & Miren Narbaizaren Poperra, afterra, utopia; Antiki TKMren Muñeca supernatural... Egitarau osoa www.eztena.eus webgunean dago ikusgai.
SATURRARAN izeneko euskarazko opera estreinatuko dute, ekainaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian. Arriagak Bizkaiko Foru Aldundiarekin ekoitzia, Juan Carlos Perezek sortu du musika. Testua, berriz, Kirmen Uribek. Aneren eta Lunaren, elkar maite ezin duten bi emakumeren, kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarraldian girotua, beste hainbat gai ere jorratuko ditu: desberdina onartzearen zailtasuna, heroinaren eta hiesaren hedapena eta triskantza... Hilaren 22an ere ikusi ahal izango da Arriagan.
KIMUAK programaren 2024ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak jakinarazi dituzte: Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Errotatiba (Iratxe Fresneda), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Exergo (Jorge Moneo Quintana), Patrimonio (Aitor Abio), Todo lo cubre la sal (Joana Moya Blanco) eta Utländsk (Alba Lozano). Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programari esker, nazioarteko jaialdietan eta ikus-entzunezko proiektuetan aurkeztuko dituzte lanok.
EKAINAREN 7tik 9ra, 31 konpainiaren 81 emanaldi eskainiko ditu hiriko hainbat tokitan Gasteizko XVIII. Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak. Nazioarteko zein bertoko taldeak izango dira, eta hiriko taldeek presentzia nabarmena izango dute: guztira, bost. Beste bederatzi euskal konpainiak ere parte hartuko dute. Egitarau zehatza Gasteizko Udalaren webgunean (www.vitoria-gasteiz.org) topa daiteke.
Arg.: EHU
BIDEO ESPERIMENTALEN Euskal Herriko artxibategirik handiena aurkeztu berri du EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak. Euskal Herriko eta Espainiako artisten 732 bideo pieza baino gehiago ditu, formatu analogikoan. 70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarraldietako lanak biltzen ditu, eta, besteren artean, 65 euskal egile eta kolektiboren lan artistikoen inbentarioa du egina: Juan Carlos Eguillorrenak, Bego Vicariorenak, Josu Rekalderenak... EHUren Bizkaiko Campuseko Maria Goyri eraikinean dago artxibategia.