Itzulera antzezlana estreinatuko du Dejabuk urtarrilaren 18an, “umorez eta poesiaz betetako” auto-fikziozko lana. Identitatea gai nagusi hartuta, zinema eta antzerkia uztartuko ditu. Konpainiako kideek Mexikora egindako bidaia bat kontatzen du antzezlanak. Dokumental bat grabatzera joan dira sormen krisi betean daudela, eta ustekabeko gertakari batek bidaiaren norabidea aldatuko die. Errealitatearen eta fikzioaren artean jolasean dabil lana, eta ikusleek ere zeregin garrantzitsua izango dute ikuskizunean. Dejabu konpainiak idatzi, sortu eta zuzendua, lau lagun izango ditu oholtzan: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo aktoreak, eta David Aguilar zinemagilea zuzeneko irudien sorkuntzan eta errealizazioan. Errenteriako Lekuona Fabrikan estreinatu ondoren, bira luzea egingo du konpainiak: hilaren 19an, Arrasaten; 23an, Bilbon; 24an, Elorrion; 25ean, Donostian; otsailaren 1ean, Gernikan; 7an, Amorebieta-Etxanon; 9an, Leitzan...
‘Begizta’, Internet bidezko telebista plataforma berria
Izarkom eta Onaro telekomunikazio operadoreek Begizta Internet bidezko telebista plataforma sortu dute. Durangoko Azokan aurkeztu zuten abenduan, eta urtarrilaren 2an ipini dute martxan. Plataformaren helburua da Euskal Herriko eta edukiak euskaraz ematen dituzten telebista guztien bilgunea izatea. Hala, ikusgai izango ditu, besteak beste, ETB, Hamaika, Goiena, Kanaldude eta Xaloa. Guztira, 65 kate inguru, plataformara faseka batuko direnak. Espainian ikus daitezkeen LTD kanalak ere gehituko dizkiote, bai eta tokiko euskal kate gehiago ere. Gainera, etorkizunean euskarazko kanal propioak sartzeko asmoa azaldu dute Begiztaren arduradunek. Lehen fasean, kateen zuzeneko emanaldiak soilik ikusi ahal izango dira; hots, hastapenetan ez dute nahierako zerbitzurik eskainiko. Begizta web nabigatzaile bidez edo telebista adimendunetan ikus daiteke, eta, hasiera batean, Izarkom eta Onaro operadoreek eskainiko dute. Bezeroek hilean 2,95 euro ordaindu beharko dituzte kanalak ikusteko.
LAKARRIKO ETA ALTZAIKO gazteek egingo dituzte aurtengo Zuberoako Maskaradak, urtarriletik martxora astebururo. Ohi den moduan, antolatzaileen herrian eskainiko dituzte lehen eta azken emanaldiak. Oraingoan, aroaren arabera, Lakarrin edo Altzain izango dira lehena eta azkena. Estreinakoa, urtarrilaren 12an; eta azkena, martxoaren 30ean. Tartean, beste hamar emanaldi: urtarrilaren 19an, Zalgizen; 25ean, Larrainen; otsailaren 1ean, Altzürükün; 9an, Ligin; 15ean, Pagolan; 23an, Atharratzen; martxoaren 1ean, Gamere-Zihigan; 9an, Idauzen; 15ean, Barkoxen; eta 23an, Urdiñarben.
JENDAURREKO komunikazioan euskaraz aritzeko baliabideak, tresnak eta jokaerak lantzen aritu dira bederatzi urtez Soziolinguistika Klusterra eta EHU, hainbat erakunderekin batera, besteak beste AEKrekin. Jardun horrek emandakoa bildu eta erakundeek euskaraz komunikatzeko gida sortu dute, eta nahi duen ororen eskura ipini jendaurrean.eus atarian. Erakundeek komunikazio publikoan hizkuntzak egoki kudeatzeko irizpideak, esperientziak, tresnak eta gomendioak batzen ditu gidak.
TXALO PRODUKZIOAK konpainiak bi komedia estreinatuko ditu urtarrilean. Batetik, Elena Diaz Barrigonek idatzitako Amak, hilaren 10ean, Hondarribian: ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik dauden lau emakumeren arteko istorioa da, Begoña Bilbaok zuzendua, eta Iraitz Lizarragak, Tania Fornielesek, Oihana Maritorenak eta Intza Alkainek jokatua. Bestetik, hilaren 25ean, Juan Carlos Rubioren Arizona aurkeztuko dute, Barakaldon. Esteban Roelek zuzendua, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola ditu aktore.
HARITUZ ekimenari segida emanda, Harituz 2 antolatu du Axut antzerki taldeak, euskal antzerkia saretu eta publikoaren errotzea sustatzeko xedez. Urtarrilaren 10ean, 11n eta 12an izango da. Donapaleun, hiru mintegi izango dira, Argi Perurenak, Harkaitz Canok, Ximun eta Manex Fuchsek, eta Arantxa Hirigoyenek eskainiak. Saretzeari dagokionez, Miñan eta Lertxunaren hegada lanak eta Maddi Sarasuaren irakurketa musikatua ikusi ahal izango dira, Donapaleun eta Lexantzün. Izena emateko,
DRAGON BALL manga japoniar ezaguna sarean euskaraz irakurtzeko moduan ipini dute Euskomanga komunitatean (euskomanga.com). Xalba izeneko "zale zoro batek” euskaratu du. Lan handia, Xabier Amurizak bere garaian animearen bikoizketarako egindako testuak aintzat hartu baititu. Zehazki, 1. liburukitik 16.era irakur daiteke, oraingoz. Manga zein anime, Dragoi Bolaren eduki guztiak batzeko ataria ere sortu dute: dragoibola.euskomanga.com. Manga eta animearen zale euskaldun batzuek osatzen dute Euskomanga.