Bilbon, Lautan Hiru antzerki jaialdiaren zazpigarren edizioa otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da Bilbon, eta zortzi ikuskizun eskainiko ditu. Horietatik lau, estreinaldiak. Euskaltzaindiak Tartean konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katu gaztetxearekin elkarlanean antolatu du egitaraua, eta aurten gazteen antzerkia izango du ardatz. Estreinaldiak honako hauek izango dira: XXII. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako testu irabazlearen irakurketa dramatizatua; Gilkitxaroren Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna, 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuena; Errealitatearen harribitxiak pieza, 7Katurekin batera egina; eta Arima eta Bihotza, Jokin Oregik zuzendua. Horiez gain ikusi ahal izango dira Saioa Bañales eta Aroa Blancoren Odola; Bea Egiazabalen Gregoria; Ruth Guimeraren eta Leire Orberen Buruaz norbere egin; eta Gaizka Chamizoren Heroiaren mina. Emanaldi bakoitzaren ostean, ikusle kluba izango da. Lanak Bilboko Zazpikaleetako sei gunetan eskainiko dira.

494aztia

‘Aztia’ proiektuak musika eta antzerkia uztartuko ditu

Don Inorrez musika taldeak eta Metrokoadroka sormen laborategiak Aztia sortu dute elkarlanean, musika, literatura, butoh dantza eta antzerkia batzen dituen proiektua. Oier Guillanen testuak abiapuntu, Imanol Ubeda musikariak abestiak sortu ditu. Kantekin diskoa egin dute, eta horri lotuta pieza eszeniko bat. Urtarrilean kaleratu zuten diskoa, eta pieza eszenikoa otsailean aurkeztuko dute. “Des-deslilulari” eskainitako ikuskizuna izango da. Esan bezala, Oier Guillanek sortu ditu hitzak, baita dramaturgia ere; musika, Don Inorrez taldeak; eta dantzari eta aktore Ainhoa Alberdi ariko da. Harekin batera izango dira oholtzan Guillan bera, eta Don Inorrez taldeko Imanol Ubeda, Karlos Arancegui eta Fernando Neira musikariak. Pieza otsailaren 8an estreinatuko dute, Donostiako Lugaritz kultur etxean. Martxoaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute, Loraldia jaialdiaren barnean; maiatzaren 16an, Andoainen; 30ean, Tolosako TOPICen; eta, azaroaren 23an, Oiartzunen.

494renata

KAMIKAZ KOLEKTIBOAK hamar urte bete ditu aurten, eta Renata komedia distopikoa estreinatuz ospatuko du. Bizitzari zentzua bilatzeko bidaiari buruzko lana da, bizitza eta heriotza hizpide duen komedia “garratza”. Iraia Elias, Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala Kamikaz kolektiboko kideek idatzi eta zuzendu dute, eta laurak izango dira, halaber, taula gainean hogeita hamar pertsonaia baino gehiago gorpuzten. Otsailaren 1ean aurkeztuko dute Durangon, eta ondoren emanaldi ugari eskainiko dituzte: 7an, Zarautzen; 22 eta 23an, Donostian; 27an, Santurtzin; martxoaren 2an, Arrasaten; 11n, Bilbon...

494heisenberg

APIRILERA ARTE, zortzi antzezlan ikusi ahal izango dira Beasainen eta Ordizian, bertako udalek antolatutako XXXI. Antzerki Garaiari esker. Urtarrilean hasi ziren lehen emanaldiak, eta apirileko biak izan ezik, programatutako gainerako lanak euskaraz izango dira: otsailaren 14an, Txalo Produkzioaken Arizona; 21ean, Tanttaka Teatroaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?; martxoaren 7an, Heisenberg, hau ere Tanttaka taldearena; eta 14an, Tartean Teatroaren Kortxoaren dilema.

494otempodiz

OTSAILEAN hasiko da Ibilki programaren 13. edizioa, EKE Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herrian euskarazko kultura ezagutarazteko antolatzen duen ekimenarena. Ekainera bitartean, hamar herritan hamabost emanaldi inguru eskainiko dituzte, orotarikoak: antzerkia, dantza, zinema eta musika. Besteak beste, Ertza konpainiaren Otempodiz dantza ikuskizuna; Pontx pailazoaren Denok plazara!; Berritza elkartearen Maxka’roa... Egitarau osoa, EKEeren webgunean: www.eke.eus.

494faisanenirla

UDABERRIAN estreinatuko dute zinema aretoetan Faisaien irla, Asier Urbietaren lehen film luzea, baina ibilia lehenago hasi du. Izan ere, urtarrilaren 25ean Göteborgeko Nazioarteko Zinema Jaialdian eskaini zuten, International Competition atalean lehian. Mugan kokaturiko thrillerra da Urbietaren lana, eta Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ditu protagonista. Jaialdi berean, David Perez Sañudoren Azken erromantikoak filma ere eskaini zuten, Ingmar Bergman Competition atalean.

494mastodon

TOKIKO informazioaren berri izateko, tokiko sare soziala lehenetsi eta TKM.eus sortu du Tokikomek, Mastodon sare sozial irekian nodo propioa. Tokikomek euskarazko 78 toki komunikabide batzen ditu, eta une honetan 36 kontu dituzte. TKM.eus sortuta, AEBetako multinazionalek kontrolatutako sare sozialetan duten presentzia murriztu nahi dute, kontuan hartuta sareok desinformazioari eta ultraeskuinari gero eta lerratuago daudela, eta gutxi batzuen esku. Nodo propioarekin, “euskarazko zero kilometroko informazio iturri fidagarria” eskaini nahi du Tokikomek.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.