Urte berriarekin batera, arrakasta handiz zabaldu dira sareetan bi jolas: Berbaxerka eta Wordle. Biak hitz jokoak izanik, ondo pasatzeko ez ezik, euskara lantzeko ere egokiak dira. Berbaxerkan (https://berbaxerka.gitlab.io/), 7 hizkirekin ahalik eta hitz gehiena sortu behar dira. Egunero, 7 hizki ematen ditu jolasak, bat nabarmendua. Hori derrigor erabilita, gainerakoekin elkartu behar da ahalik eta hitz gehiena osatzeko. Ondoren, hitz bakoitzaren definizioa ere ikus daiteke, gainean klik eginda. Katalanezko Paraulogic jolasaren euskarazko bertsioa da (jatorrizkoa ingelesezko Spelling Bee da). Berria kazetan azaldu zutenez, Marc Font programatzaileak eta Gorka Salces irakasleak ekarri dute euskarara. Wordle jokoan, berriz, egunero 5 hizkiko hitza asmatu behar da, sei saialditan. Ekinaldi bakoitzean, letra bakoitzaren koloreak esango digu hitza asmatzetik hurbil ote gauden. Ingelesez arrakasta izan ostean, Talaios enpresak euskaratu du: https://wordle.talaios.coop/.

Antzerki txikiaren festibal handia, laugarrenez

Otsailaren 3tik 24ra, lau ostegunez jarraian, euskarazko formatu txikiko antzerkia ikusgai izango da Bilboko Zazpikaleetan, Lautan Hiru antzerki jaialdiaren laugarren edizioari esker. Euskaltzaindiak Café Bar Bilbaorekin, 7Katu gaztetxearekin eta Bira Kulturarekin elkarlanean antolatutako jaialdian, 11 emanaldi eskainiko dituzte guztira: Esther Carrizoren Susanaren iraultza; Eneritz Artetxeren Lakoste... Les Bobe Bobe taldearen Udaberria heldu da ere estreinatuko da, 2021eko Lautan Hiru laguntza jaso duen lana, alegia. Guztira, lau agertoki izango dira: Euskaltzaindiaren egoitza, Bira Kultura, Café Bar Bilbao eta 7Katu gaztetxea. Emanaldiek COVID-19aren kontra hartutako neurriak beteko dituzte, eta sarrera hartu beharko da. Egitaraua www.euskaltzaindia.eus gunean kontsulta daiteke.

EUSKARAZKO SORKUNTZA bultzatzeko sortu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektua, eta antzerkigintzan ari dira emaitzak bistaratzen. Guztira, bost antzezlanen sorrera sustatu du proiektuak. Urtarrilean estreinatu dira Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide; Oier Zuñigaren Eresia. Lurra arin bekizu, ama; Tanttaka Teatroaren Sexberdinak; eta Lore More antzerki taldearen Trapu Zikinak. Bosgarren lanaren estreinaldia otsailaren 25ean izango da: Bonbon Beltz konpainiak Harri minak aurkeztuko du, Oñatin. Bost lanekin, 130 emanalditik gorako zirkuitua antolatu du Udalbiltzak. Erakundearen webgunean (www.udalbiltza.eus) dago ikusgai agenda.

 

HIRU LAN saritu ditu XIX. Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren sariak. Euskaraz, Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo lanak saritu dituzte, ex aequo. Gaztelaniaz, ostera, Marieta Diaz de Toledoren La tela de araña izan da sariduna. Irabazle bakoitzak 750 euroko saria jaso du. Hiru lanak Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean (http://bilbao-cafebar.com) irakur daitezke. Era berean, Bilboko Lautan Hiru jaialdian Arrietaren lanaren irakurketa dramatizatua egingo dute.

MARTXAN DIRA dira Zuberoako aurtengo maskaradak. Atharratze eta Alozeko gazteek jokatuko dituzte, eta dagoeneko hasiak dira horretan, urtarrilaren 16an egin baitzuten lehen emanaldia, Atharratzen bertan. Ordutik, beste zenbait ere eskaini dituzte. Hurrengoak honako hauek izango dira: otsailaren 6an, Barkoxen; 13an, Altzürükün; 26an, Santa Grazin; martxoaren 6an, Muskildin; 12an, Idauzen; 19an, Ainharben; 26an, Alozen; apirilaren 10ean, Irurin; eta, 17an, Gamere-Zihigan.

ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN? Galdera horri erantzun beharko diote Euspot euskarazko spoten XI. lehiaketan parte hartzen dutenek. Hots, aurkeztutako iragarkiek gazteak kooperatibismora hurbiltzera animatu eta kooperatibismoari balioa eman beharko diote. Dagoeneko zabalik da lehiaketa, eta maiatzaren 19ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Oinarri zehatzak, banatuko dituzten sariak, aurreko urteetako lanak eta lehiaketari buruzko gainerako nondik norakoak, euspot.eus atarian.

ARTEDRAMA, Axut! eta Dejabu antzerki taldeen Zaldi Urdina antzezlana podcast bihurtu du EITBk, eta audio-fikzio serie moduan eskaintzen hasi da EITBPodkast (www.eitb.eus/eitbpodkast/) plataforman. Zaldi Urdina izeneko droga hartuta gazte bat hil dela eta, haren familia eta polizia substantzia saldu zion 17 urteko Aingeru gaztearen atzetik ibiliko dira. Droga, musika, gazteak eta intriga batzen ditu istorioak. Urtarrilaren 17an estreinatu zuten, eta, astelehenero, 12 minutuko kapitulua sareratzen dute; guztira, bederatzi atal ditu.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.