Azaroa euskarazko antzerkiaren hila izango da, beste behin, Azpeitian, hilaren 1etik 24ra egingo diren 42. Euskal Antzerki Topaketei esker. Ohi denez, euskarazko antzerkigintzak azken aldian emandakoaren ale ugari ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Artedramaren Miñan; Tartean Teatroaren Non dira haurrak?; Jon Ander Urrestiren Eukalyptus; Atx Teatroaren Marmarra; Talka Obraren Mendia; Hika Teatroaren Zorretan... Era berean, urtero legez, eskola antzerkiak berezko lekua izango du Topaketetan. Emanaldiez gain, aurten Txalo saria berreskuratuko dute, eta Pedro Otaegi aktoreak jasoko du azaroaren 2an. Corrado Masacci txotxongilo egileari ere eskertza ekitaldia egingo zaio, 45 urteren ostean erretiroa hartuko baitu. Aspaldiko urteetan bezala, bere lanen erakusketa izango da, baina aurtengoa agurrekoa izango du. Egitarau osoa antzerkitopaketak.eus webgunean ikus daiteke, eta emanaldietarako sarrerak ere bertan eros daitezke.
Beldurrak ‘Marmarra’ dakar
Marmarra antzezlana estreinatu berri du Atx Teatroa konpainiak. Beldurra du gai obrak, Marmarra izenburuak berak alboan dakarren esaldiak ongi azaltzen duenez: Beldurrak gobernatzen gaitu. Hau da, gizakiak beldurrarekiko duen mendekotasuna eta beldurrak gizakiaren ekintza orotan duen eragina ditu hizpide. Jon Gerediagak idatzi du testua, eta antzerki konpainiako kideek zuzendu dute, Gabriel Ocinaren laguntzarekin. Oholtzan, zortzi antzezle: Aiora Sedano, Aitor Etxarte, Alazne Astorga, Estibaliz Villa, Garazi Etxaburu, Mirian K. Martxante, Sandra Fdz. Agirre eta Sandra Tejero. Bi bertsio ditu antzezlanak, bata areto eta antzokietan antzezteko, eta bestea kalean. Urriaren 19an estreinatu zuten, Arrigorriagako Lonbo Aretoan, eta aurrerantzean hainbat lekutan ikusi ahal izango da: azaroaren 8an, Zornotzan; 9an, Azpeitian, Euskal Antzerki Topaketen barnean; eta 14an, Santurtzin.
AZAROAREN 21etik 24ra egingo da, Hazparnen, 13. Zinegin festibala, Lekeitioko Zinebilerarekin batera Euskal Herrian euskara hutsean egiten den jaialdi bakarretakoa. Egitaraua oraindik ez dute ezagutarazi antolatzaileek, baina, jakinarazi dutenez, euskara ikasleak kontuan hartuko dituzte oraingoan ere, publiko euskalduna lehenesteko urtero egiten duten ahaleginari jarraikiz. Hala, indar berezia egin dute programazioan euskarazko azpitituluak sistematikoki eskuratzeko. Bestalde, filmen gaiari dagokionez, ikuspegi feministatik sortutako istorioen presentzia nabarmendu dute antolatzaileek. Gainera, bi sorkuntzaren estreinaldia izango da Zineginen. Programazio osoa azaroaren 6an iragarriko dute, zinegin.eus webgunean.
ELHUYARREK hitz-jolas bat jarri du martxan Elhuyar Hiztegiaren webgunean (https://hiztegiak.elhuyar.eus/), erabiltzaileek beren hizkuntza maila jolasean errepasa dezaten. Horretarako, bost galderari erantzun beharko diote egunero. Ortografia, deklinabidea, sintaxia... askotariko galderak dira, guztiak azkar erantzuteko modukoak. Egunero berritzen dira galderak, eta erantzun ostean emaitzak errepasatu eta akatsak antzemateko aukera dago.
AZAROAREN 8tik 15era, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioak 44 herrialdetako 132 film eskainiko ditu. Horien guztien artean, 59 euskal ekoizpenak izango dira; besteak beste, Itoiz udako sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka, 2024) lanaren estreinaldia. Bi Ohorezko Mikeldi sari ere banatuko dituzte, bata Laura Poitras zinemagileari eta bestea José Luis Alcaine argazki zuzendariari. Egitarau osoa zinebi.eus gunean dago ikusgai.
ITXI EGIN DUTE Kaixomaitia.eus, euskaldunen artean harreman afektibo eta sexualak euskaraz sortzea helburu zuen webgunea. Irailean jakinarazi zuen berria Iñigo Arandia webgunearen sortzaileak, eta urriaren 4an itxi zuen, hamazazpi urteko ibiliaren ostean. Arandiak berak aipatu duenez, abendura arte gordeko ditu webgunea eta erabiltzaileen datuak, proiektuarekin aurrera jarraitu nahi duen inor topatuko balu ere. Bestela, abenduan behin betiko itxiko du ataria.
ULU MEDIA ekoiztetxeak Ulua gazteentzako hedabide digitala sortu du. Podcastak eta bideopodcastak ditu oinarri, eta sare sozialetan ikus daitezke. Oraingoz, sei podcast sortu dituzte, bakoitza gai jakin batzuei buruzkoa, formatu ezberdinetan. Spotifyn eta YouTuben zabalduko dituzte. Era berean, beste zenbait sare sozialetan (Instagram, TikTok eta X) podcast eta bidepodcast horietatik ateratako bideo laburrak argitaratuko dituzte. Otsailetik aurrera eduki gehiago sortzeko asmoa dute.