2022an, “Euskadin” sorturiko ikus-entzunezko ekoizpen guztia bilduko duen plataforma digital “handia” jarriko du abian EITBk. Halaxe iragarri zuen haren zuzendari nagusi Andoni Aldekoak iragan maiatzaren 19an, Eusko Legebiltzarreko Kontrol Batzordean. “Euskal Netflix bat garatu nahi dugu, euskal gizarteari eskaini eta biltzeko; halaber, nazioarteko leiho bat izatea nahi dugu, eta ez soilik EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzea, baizik eta Euskadin sortzen diren euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak ere bai". Ondorioz, EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzeaz gain, “Euskadin” sortutako film, telesail, dokumental, ikuskizun eta kontzertuak ere eskainiko ditu. Plataforma ez da euskara hutsezkoa izango.
ESPARRU DIGITALEAN ari diren emakume gazte euskaldunak saritzeko eta haien lana jendarteratzeko asmoz, Gladys saria sortu dute PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren laguntzarekin. Modu horretan, emakumeak alor digitalean sartzera bultzatu nahi dituzte, oraindik ere oso gutxik bideratzen dutelako beren jarduna halako esparruetara. Bide batez, Gladys del Estal informatikari eta ekintzaile ekologista omenduko dute, 1979an Tuteran eginiko nuklearren kontrako protesta batean Guardia Zibilak tiroz hil zuena. Izan ere, informatikaria zen ikasketaz eta lanbidez; EHUko Informatika Fakultateko hirugarren promozioko kidea, hain zuzen. Saridunak 3.000 euro jasoko ditu. Parte hartzeko, hautagaiek www.gladyssaria.eus webgunean eman behar dute izena. Hautagaia ez den hirugarren pertsona batek ere aurkez ditzake hautagaitzak. 2021ean, gehienez 40 urte dituzten emakumeek har dezakete parte.
LABURREAN
EITBko podcast guztiak biltzen ditu EITBPodkast plataformak, EITBk sortu berri duen atariak. EITBren irrati kate guztietako podcastak ditu, bai artxibokoak bai beren-beregi sortuak. Telesaio gisa jaio eta podcast moduan kontsumi daitezkeen zenbait eduki ere gehitu dizkiote, halaber. https://www.eitb.eus/eitbpodkast/ helbidean ez ezik, sakelako telefonoan ere entzun edo jaits daitezke edukiak, eta harpidetzeko aukera ere badago. Plataformako edukiak gaien arabera daude banatuta: Jakintza, Bizitza, Musika, Kirola eta Aisia-Fikzioa. Fikzioari dagokionez, EITBren artxiboko irrati nobelak ere jasoko ditu, baita berriak ere. Esaterako, irailean, Artxipelagoa izeneko fikziozko lana aurkeztuko dute.
GEREDIAGA ELKARTEAK eta Durangoko Udalak Durangoko Azokako IV. Sormen Bekaren deialdia zabaldu dute. Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berrien lana ezagutarazteko bekak kultura digitala izango du oinarri oraingoan: praktika edota espresio artistiko batean oinarritutako lan digitala sarituko dute. Gainera, “fisikotasunarekin uztartu ahal izango da”. Lanak irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira,