Azaroan gertatu ohi den legez, euskarazko antzerkiaren topaleku izango da Azpeitia, 43. Euskal Antzerki Topaketei esker. Euskarazko antzerkiaren jaialdirik garrantzitsuena da eta aurten, guztira, hamahiru antzezlan eskainiko ditu urriaren 31tik azaroaren 23ra bitartean. Axut! eta Artedrama konpainien Nor naizen baneki lanarekin hasiko dira topaketak. Bukatzeko, berriz, II. Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako Bekaren lan irabazlea eskainiko dute: Kaka, Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak sortua. Bien artean, Dejabu konpainiaren Itzulera, Zurrunka Teatroren Gure kanoa, Infinitu Dramaren Adarbakarra... ikusi ahal izango dira. Emanaldi horiez gain, eskolentzako Eskola Antzerkiaren astean, azaroaren 10etik 14ra, beste hamabi lan taularatuko dira. Bestalde, Zurrunkako kideek itzal txotxongiloen tailerrak eskainiko dituzte. Emanaldietarako sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean eros daitezke.
On!, euskararen munduan sartzeko atea
Euskara eskura emateko asmoz jaio da On! proiektua. “Euskararekiko sentsibilizazio dispositiboa” da, eta, horretarako, euskararen munduan sartzeko erreferentziazko webgunea eskaintzen du: on.eus. Euskaraz eta frantsesez, euskararekin zuzeneko harremana duten pertsonei baliabide konkretuak eskaintzen dizkie, lau hartzaile1 mota bereizita2: euskaraz ikasten duten haurren gurasoak, euskara ikasten ari diren helduak, euskaraz bizi nahi duten euskaldunak eta euskarari buruz jakin-mina3 duten erdaldunak. Horiek guztiek orotariko edukiak topa ditzakete atarian: artikuluak, agenda, loturak... Euskara ikasten ari direnei dagokienez, esaterako, aholkuak, gidak, hiztegiak eta beste eskaintzen dizkie. On! Piztu elkartearen eta Euskararen Erakunde Publikoaren gidaritzapean, euskalgintzako hainbat elkarte, erakunde publiko eta eragilek hartu dute parte proiektuan; besteak beste, AEKk.

ELHUYAR FUNDAZIOAK Elhuyar Zientzia hedabide digitala (https://zientzia.eus/) jarri du martxan, zientzia eta teknologiari buruzko gaiak euskaraz eta hainbat formatutan jorratzeko. Guztira, 25.000 eduki baino gehiago eskaintzen ditu: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; erreportajeak; iritziak; argazkiak; emakume zientzialarien efemerideak; herritarrek iritzia emateko guneak... Asteko buletina ere zabalduko du, nahi duenak unean uneko4 gai nagusiak postan jaso ditzan astero. Zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartu5 dituzte hedabide digital hau sortzeko.
 
JOKOTEKNIA Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren aldia egingo dute, azaroaren 15ean, Bilbon, Euskararen Etxean. Game Erauntsia elkarteak eta Azkue Fundazioak antolatua, euskal bideojokoen egileak eta zaleak batuko ditu beste behin. Goizean, lau hitzaldi eta mahai inguru bat egingo dituzte. Horrez gain, Gamer Gela ekimena eskainiko zaie guraso eta umeei: euskarazko bideojokoen erakusleihoa6. Informazio guztia https://jokoteknia.eus/ webgunean dago ikusgai.

JON PLAZAOLA aktoreak bakarrizketa berria du: AA Aita. Aitatasunean7 oinarritutako ikuskizuna da. Hala, aitatasuna ardatza eta aitzakia izango du bere eta, batez ere, gainerakoen patetismoaz eta ergelkeriaz aritzeko. Donostiako Lugaritz kultur etxean eskainiko du estreinakoz azaroaren 7an eta 8an. Ondoren, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 27an; Iruñeko Antzerki Eskolan, 28an; eta Bilboko Campos Eliseos antzokian, abenduaren 4an.

‘NORK GOBERNATZEN DU INTERNET?’. Galdera horri erantzutea izango dute xede, azaroaren 4an, 14. Euskarabildua topaketan. Iametzak antolatuta, egun osoko egitaraua eskainiko du Donostiako San Telmo Museoan: hitzaldiak, gogoeta guneak... Bestelako gaiei ere helduko diete parte hartzaileek. Esaterako, euskaldunona bezalako komunitate txikiek mundu mailako sare horretan duten tokiaz, aukerez eta rolaz mintzatuko dira. Informazio zehatza 
https://euskarabildua.eus/ gunean.

EUSKO JAURLARITZAK euskara ikasteko Ingura plataforma digitala (https://inguraonline.eus/) berrabiarazi du. Euskara edozein gailutatik, edozein lekutan eta edozein ordutan ikasteko aukera ematen du webguneak. Hala, hainbat material eskaintzen ditu, A1 eta A2 mailetan euskara modu gidatuan ikasteko. Erabiltzaileek8 lau hizkuntzatan jaso dezakete informazioa (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Hori bai, eduki batzuk doakoak dira, baina beste batzuk matrikulapekoak.
1. Hartzaile: hartzen duena, jasotzen duena.
2. Bereizi: diferenciar(se) (es), différencier (fr).
3. Jakin-min: kuriositate, jakingura, jakiteko gogo handi.
4. Unean uneko: une bakoitzeko.
5. Uztartu: bat egin, batu.
6. Erakusleiho: escaparate (es), vitrine (fr).
7. Aitatasun: paternidad (es), paternité (fr).
8. Erabiltzaile: zerbait erabiltzen duen pertsona.

 
															 
      
      
    
