Errigorak 24. Korrikaren gorazarrea1 jaso zuen, urtarrilaren 31n, Durangon. Izan ere, 24. Korrikak aitortza egin nahi izan dio euskaratik, euskararako eta euskaraz lanean ari den herri-ekimenari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik. Hiru ardatz nagusi ditu Errigorak: euskara, auzolana eta elikadura-burujabetza2. Aterpe irekia eskaintzen die Ager eremuko herritarrei eta euskalgintzari, Euskal Herri osoko kontsumitzaileei eta ekoizleei3. Alegia, 24. Korrikaren Euskara gara leloaren adibide ezin hobea da. AEKko Nazio Kontseiluko kide Xabi Gartziak definitu bezala, “amesten dugun Euskal Herriaren egileak”.

Ekimenaren sorrera gogoratu zuen Gartziak ekitaldian: “Korrika legez4, ideia sinple bezain ausart moduan jaio zen, eta denborak erakutsi du arrakastatsua eta bikaina dela”. Haren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: “Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe”.
Ane Elordi Korrikako arduradunak, berriz, AEKk eta Errigorak beren printzipioetan bat egiten dutela azpimarratu zuen, hau da, euskararen sustapenean eta burujabetzan. “Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”. Aldi berean, dei egin zion jendarteari martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora, Euskal Herri osoan Errigora omentzeko eta hauspotzeko5: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrika Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko6 modua izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere”.

Errigoraren izenean, Adriana Urmenetak eta Irati Abiok hartu zuten hitza, eta AEKri esker ona adierazi zioten: “Eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari7 bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan”.

Omenaldi-ekitaldian bertan aurkeztu zituzten Errigoraren Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak ere, 24. Korrikak bere ibilbidean izango dituen bidelagunak. Ospakizun-eguna biribiltzeko, bazkaria egin zuten Plateruenan, bazkideekin batera.

1. Gorazarre: omenaldi.
2. Elikadura-burujabetza:
soberanía alimentaria (es), souveraineté alimentaire (fr).
3. Ekoizle:
zerbait ekoizten edo produzitzen duen pertsona.
4. Legez:
bezala, moduan.
5. Hauspotu:
bultzatu, sustatu.
6. Aintzatetsi:
reconocer (es), reconnaître (fr).
7. Grina:
pasio, irrika.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.