Eguzki-eklipsea, lodifobia eta adimen artifizial kritikoa izango dituzte hizpide1 Emakumeak zientzialarien argitan solasaldi2-zikloan, Donostian. Hiru saio izango dira, otsailetik apirilera bitartean, eta hirurak emakume zientzialariek eskainiko dituzte. Hain zuzen, emakume zientzialariak ezagutarazteko helburua du Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako zikloak. Saio guztiak Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, euskaraz.

Interes sozialeko gaiak jorratuko dituzte solasaldietan, emakume zientzialariekin aurrez aurreko3 elkarrizketak eginez, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzaileak bideratuta.

Lehen saioa otsailaren 24an izango da, eta Virginia Garcia Pena (Pasai Donibane, 1979) astronomoa izango du protagonista. Eguzki-eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago izenburuarekin, aurtengo abuztuaren 26an gertatuko den eguzki-eklipsea izango du ardatz. Izan ere, Euskal Herriko leku askotatik ikusi ahal izango da, eta solasaldiaren izenburuak dioen moduan, ikusmin4 handia piztu du mundu osoan.

Bigarren solasaldia Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) matematikan lizentziatuak eskainiko du, martxoaren 24an: Adimen artifiziala, begirada kritiko batetik. Adimen artifizialean aditua, EHUko irakasle agregatua da Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, besteak beste, eta jardun akademikoaz harago ere lan handia egiten du adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzeko.

Azkenik, hirugarren saioa apirilaren 28an egingo da. Mijo Lizarzaburu Garcia (Ondarroa, 1998) filosofo transfeminista eta lodiaktibista izango da hizlaria, eta lodifobiaz eta kontrol sozialaz mintzatuko da Lodifobia, gorputzen diziplinamendua eta kontrol soziala solasaldian.

Saio guztiak 19:00etan izango dira, eta Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren Emakume zientzialarien argitan podcastean ere entzun ahal izango dira.

1. Hizpide: hitz egiteko gai, hizketagai.
2. Solasaldi:
elkarrizketa, berriketa.
3. Aurrez aurreko:
presentzial.
4. Ikusmin:
kuriositate, jakiteko gogo, jakin-min.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.