AEK, Justizia Sozialaren Mundu Eguneko agerraldian
Joan den ostiralean, otsailaren 20an, AEKk Justizia Sozialaren Mundu Egunaren harira1 Gasteizko Izaskun Arrue Zentroan antolatu zen agerraldian parte hartu zuen. Hainbat eragile bertaratu ziren 2026ko Justizia Sozialaren Mundu Eguneko adierazpena2 aurkezteko, tartean AEKko ordezkariak: Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño eta Gasteizko AEKko Josu Ramos, Ane Aristi eta Maddalen Zugasti kideak.
Adierazpena kezka eragiten duen testuingurua3 azaltzen hasten da: “Gaur egun bizi dugun bidegurutze politiko eta ideologikoan, eskuin muturrak eta ideologia kontserbadoreek gero eta itoago dute justizia sozialaren kontzeptua. Politika neoliberal globalek kolonizazio-historia sakon batean dute oinarria, eta arrazismoa, estaturik gabeko nazio-identitateen eta hizkuntza gutxiagotuen zapalkuntza, klasismoa, sexismoa, LGTBIQ+fobia, kapazitismoa eta, oro har, mota guztietako intolerantziak betikotzen4 dituzte, betiere ideologia fundamentalista modernoek, elite ekonomikoaren esku dauden teknologia berriek eta diskriminazio-forma berriek hauspotuta5”.
Horri guztiari aurre egiteko, agerraldian bildutako eragileek proposatu zuten “euskal herritar guztiok botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean ahots kolektibo eta antolatua osatzea”. Bestalde, hizkuntza minorizatuen zapalketa ere aipatutako aferen6 artean egon zen, eta “arazo transbertsal hau erdigunean kokatzea” eskatu zen.
Adierazpena hogei eragilek baino gehiagok izenpetu dute.
1. -(r)en harira: a propósito de (es), à propos de (fr).
2. Adierazpen: deklarazio.
3. Testuinguru: contexto (es), contexte (fr).
4. Betikotu: eternizar(se) (es), (s')éterniser (fr).
5. Hauspotu: bultzatu, sustatu.
6. Afera: arazo, gatazka.
