Korrika edariak aurkeztu dituzte Bilboko Kalderapeko kultur gunean
24. Korrikak hiru euskal edari-ekoizlerekin1 egin du lan, haien botiletan Korrikaren logotipoa ager dadin2. Orain dela edizio batzuk sortu zen Korrika edarien ideia, bertoko ekoizle batzuen eta Korrikaren beraren eskutik, eta elkarlan horren emaitza aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Kalderapeko kultur gunean.
Alde batetik, Biosasun marka nafarrak Korrika Konbutxa atera du, 500ml-ko botilatan. Nafarroako hegoaldean, Deikaztelun, sortutako marka honek olibondoak3 landuz jarri zuen martxan bere proiektua, eta hainbat produktu plazaratu ditu gaurdaino4, denak ekologikoak; tartean, hamaika zaporetako konbutxa, orain 24. Korrikarekin bat eginda.
Bestetik, Euskal Garagardoa-Basque Beer marka kolektiboak ere lehen aldiz eskainiko ditu Korrika Garagardoak, lau mota, hain zuzen ere: argia, iluna, berezia eta alkoholik gabea.
Bertoko hainbat garagardogile biltzen ditu Euskal Garagardoak-Basque Beer elkarteak, eta horietako hiru garagardo-lantegi aritu dira Korrikarekin lanean: Boga (Mungia), Gros (Donostia) eta Býra (Langraitz-Oka).
Biba Ardoak kooperatibaren ekarpena, aldiz, ez da berria. Aurreko urteetako esperientzia oinarri hartuta, kalitatean eta molde ekologikoetan oinarritutako lau ardo eskainiko ditu aurten: zuria, beltz gaztea eta bi ondu5. Euskal Herriko hainbat txokotako ardoa ekoizten du Bibak, eta horietako lau dastatzeko6 aukera egongo da Korrika guneetan. Horrez gain, Korrika Kulturalaren barruan dastaketak eta bisitak eskaintzen ari da Biba Ardoak.
Edari horiek guztiak Euskal Herriko hamaika tabernatan egongo dira aurki, baita Bilbon ere, 24. Korrikaren amaieran. Gainera, ekoizleen webguneetan ere erosi ahal izango dira online, eta ekoizleek produktuen salmentaren zati bat emango diote 24. Korrikari ekarpen gisa.
1. Ekoizle: zerbait produzitzen duen pertsona.
2. Ager dadin: agertzeko.
3. Olibondo: olivo (es), olivier (fr).
4. Gaurdaino: gaur arte, orain arte.
5. Ondu (ardoa): vino de crianza (es), vin de garde (fr).
6. Dastatu: probatu, gozatu.
