Pote filosofikoak Azpeitian
Herritarren jakin-mina1 eta pentsamendua sustatzeko asmoz, pote filosofikoak antolatu dituzte Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Kulturaz Kultur Kooperatibak jarri du martxan ekimena, Txinparta eta Agora filosofia-elkarteen laguntzaz. Saio guztiak, irekiak, Sanagustin kulturgunean bertan egingo dira, 18:30etik 20:00etara. Lehena martxoaren 4an egingo dute, Irati Zubia Landak bideratuta, eta kuadrillei buruz solastatuko2 dira. Zehazki, hauxe izango da gaia: Kuadrillak, babes eta zama3?
Euskal Herriko beste hainbat herritan egiten diren pote filosofikoen antzera, filosofia akademiatik atera eta plaza publikora eramateko balioko du Azpeitiko ekimenak. Potea lagun, hitzordu bakoitzean gai jakin baten inguruan mintzatuko dira, betiere gaian aritua eta/edo aditua den norbaitek gidatuta. Dena den, antolatzaileek gogorarazi dutenez, parte hartzeko ez dago zertan aditua izan, “ezta beti iritzi sendo bat edo hori partekatzeko apeta4 eduki ere”. Finean, “jakin-min apur bat aski izango da” solasaldi filosofikoan “ongi etorria izateko”.
Saioa bideratuko duen aditu edo arituak gaiaren aurkezpen teorikoa egingo du, modu dibulgatzaile eta ulergarrian, gaia kokatu eta oinarria emateko. Ondoren, elkarrizketarako eta eztabaidarako tartea hasiko da.
1. Jakin-min: kuriositate, jakingura, jakiteko interes.
2. Solastatu: hitz egin, mintzatu.
3. Zama: pisu.
4. Apeta: kapritxo.
