Gutako bakoitzak zer egin dezakeen galdetzen diogu geure buruari. Ikusten dugu klima aldatzen ari dela, Palestinan genozidioa gertatzen ari dela, baserritarrak kaleak hartzen ari direla… baina ez dakigu zer egin dezakegun. Agintariek erabakirik ez hartzearen ondorioa delako guztia, edo bakarrik ezgauza sentitzen garelako, edo guk gure borroka partikularrekin nahikoa daukagulako, edo etsita gaudelako. Arrazoiak asko dira, baina ez zaigu ezertarako indarrik dugunik iruditzen. Eta pena da. Pena da banan-banan gauza asko egin ditzakegulako. Badakit baserritarrei ezin diegula bizitza egun bakarrean konpondu, baina gutako bakoitzak sasoian sasoikoa jango balu, eta ekonomia zirkularra lehenetsiko balu, eta inguruan ekoizten diren gauzak erosiko balitu, asko hobetuko genituzke gure ekoizleen bizi eta lan baldintzak. Gutako bakoitzak banaka egingo lukeen ahalegina da, baina askok gauza bera eginez emaitza itzelak lortuko genituzke.
Eta berdin gertatzen da Palestinarekin ere. Guk ezin dugu genozidioa gelditu, baina Israelekin harremanak dituzten produktuekin gogorrak izan gaitezke. Guztiok uzten badiogu noizbehinka Coca-Cola edateari, esate baterako, litro asko lirateke. Eta ez baditugu Israelen egindako gauzak erosten, nik bakarrik ez dut hango ekonomian eragingo, baina ustez bat garena milaka bagara, zerbait eragingo dugu.
Eta aplika diezaiogun kontua hondakinen kudeaketari, birziklatzeari, garraio publikoa bultzatzeari… azkenean, bakarka ez dugu indar handirik, baina taldean indartsuak gara. “Bakarka ezin da” zioen kantu zaharrak, baina, zoritxarrez, ez gaude denok bat eginda izan arte itxaroteko moduan. Has gaitezen zerbaitetan nor bere etxetik: zu zeuretik eta ni neuretik. Erridikulua dirudi, baina bi izango gara, eta bada bat baino gehiago; beste leku batean beste bi animatzen badira, lau izango gara; eta horrela, agian, milaka batzuk.