Abenduan, zalantza handiak izaten ditugu jai hartu beharreko egunekin. Ez dugu jakiten zuzen ari garen Espainiako Konstituzioaren Egunean jai eginda. Hegoaldea izendatzen dugun lur eremu honetan bizi garenok ez gara asko kezkatzen Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko lagunek uztailaren 14an dilemarik ote duten ala ez. Geurea da beti garrantzitsuena. Batzuk lanera joaten dira, horretarako aukera daukatelako, baina ezin izaten dute gauza handirik egin, bezero guztiek jai izaten dutelako, esate baterako. Beste batzuei enpresak ateak ixten dizkie eta ez dute jai hartu beste erremediorik izaten. Bakoitzak ahal duena egiten du, baina zalantzak beti jarraitzen digu atzetik.
Agian, horregatik egiten zait hain arraroa Aste Santuaren atarian inork ez izatea inolako motatako zalantzarik. Nik apirilaren 6tik 10era ez dut lanera joan nahi, baina ospatzen den horretan ez dut sinesten. Litekeena da Konstituzioaren edo Hispanitatearen Eguna desberdin ulertzea zapaltzen gaituzten estatuen egun handiak direlako, baina erlijioak bakoitzaren hautua behar luke, eta gure kasuan ez da. Hemen, erlijio konkretu baten arabera daude banatuta urte sasoiak, eta erlijio jakin horren arabera eraikitako balioek gidatzen dute gure bizitzaren zati handi bat.
Ateoak garela esaten dugu, baina inolako zalantzarik gabe joango gara eskiatzera Jesukristo atxilotu, torturatu eta gurutziltzatu zuten egunetan. Barre egingo diegu hori sinesten dutenei eta geure burua haiek baino eskailera bi gorago kokatuko dugu, baina, azkenean, haiek adina zilegitzen dugu erlijioaren dogmaren iraupena. Nik ere ez dut lanik egin nahi apirilaren 6tik 10era, baina asma genezake beste astebete jai hartzeko. Buelta asko ematen dizkiot gai honi. Ez bakarrik ateoon koherentziari eustea inportantea delako, benetan sinesten dutenei errespetua zor zaielako ere bai.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.