Hil tristea izaten da azaroa, grisa. Negua kolpeka hasita egoten da ordurako, eta berogailu gehienek eginda izaten dituzte lehen berotze ariketak. Ez dakidana da aurten ere hala izango den. Meteorologoek diote hotz handia izango dugula aurten, eta ekonomialariek erantzuten diete inflazioa gora eta gora doala. Politikariek ez dute energia krisia konpontzeko asmorik, eta, erru guztia Putini egozten dioten bitartean, betikoek jarraitzen dute aberasten. Mafaldarekin gogoratu naiz, beste behin: geldi ezazue mundua, jaitsi egin nahi dut eta!
Azken urteotan, askotan salatu izan dugu badela elektrizitatea eta gasa ordaindu ezin duen jendea. Esaten duten igoera egingo badute orain, pentsatzekoa da askoz gehiago izango direla egoera horretan. Badakit duela ez hainbeste urtera arte berogailurik gabe bizi zela jendea, baina orain neguak zerekin berotu izatea oinarrizko beharra da; epeldu, sikiera, berotu ezin bada. Energia krisiaz ari direnean, ez dira horretaz ari, ordea. Gure agintariek konpondu nahi duten energia krisia da diru asko irabaztetik askoz gehiago irabaztera eramango dituen trantsizioa. Izugarria da nola espekulatzen duten beharrezkoak ditugun gaiekin. Erregai fosilak amaitzen ari dira, baina larri behar dugu gasolina argindarrak ordezkatuko badu. Aberatsek bakarrik ordaindu ahal izango dituzten gaiak bihurtuko dira, laster, orain oinarrizkoak direnak.
Konponbidearen zatitxo bat dago gure esku, egia esan. Kontsumoa murritz dezakegu, planetaren hobe beharrean pentsatu, sobera duguna eman ordez baliabideak banatu… gizarteak onartu beharko du orain arteko bizi ohitura batzuk aldatu egin behar dituela, eta gizarteak lortu beharko du mundua gelditzea. Mundua geratzea eta agintariak bertatik jaistea. Orain artekoek, behintzat, gauzak okertzea baino ez dute lortu. Beti aberatsen alde.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.