Kosta egin zitzaigun sexua sarketa baino gehiago dela ikastea. Oraindik ere ez dugu beti ulertzen ez dagoela atarikorik. Alua jatea edo zakila miazkatzea ez dira berotze ariketak: sexua dira. Alabaina, sarketarako bidetzat hartzen ditugu askotan. Sexuaren kontzepzio sozialak dira, edo mendeetan zikintzat jo izan diren gauzak, edo batek daki. Kontua da asko kosta zaigula sexutik sexualitaterako saltoa egitea, eta oraindik ere badagoela eman nahi ez dugun saltoa. Badago sexualitatea nahi bezala bizitzeko aukerarik onartzen ez diogun jendea. Ez zaigu gure logikan sartzen Down sindromea duen pertsona batek sexu bulkadarik izan dezakeenik, edo autismoa duen norbaitek, edo gurpildun aulkian mugitzera behartutakoek… gure logikaren marretatik harago ez dugu ezer ikusi nahi, eta ikusarazten digutenean deseroso sentitzen gara.
Izan daiteke aurreiritzi asko ditugulako, baina sarritan izaten da guk ulertzen dugun moduan baino, bestela bizi behar dutelako sexua. Ez dakigu zer den sexualitatea alua sentitzen ez duen batentzat, edo gorputzak ikusi ezin dituenarentzat. Eta ez dakigu guk modu bakarrean ulertzen dugulako sexua, eta gure sexua bizitzeko moduak asko daukalako alutik eta zakiletik, edo zerbait nonbait sartzetik. Kosta egiten zaigu logika horretatik kanpo ezer egon daitekeenik pentsatzea. Badakigu laztanak badirela, plazera gorputzaren beste atal batzuetan sentitzen dutela esaten digute, baina ez dut uste buruan kabitzen zaigunik. Guretzat hori ez da sexua, ez erabat, behintzat. Ez dugu hala onartu nahi, baina gure jardunbideek hori erakusten dute. Bueno, ni ez naiz besteen ohean sartzen, baina elkarri kontatzen diogunetik horixe ondorioztatzen dut.
Ez dakit onartuko ote geniokeen geure buruari gurpildun aulkian dagoen norbaitekin maitemintzea. Edo ulertuko ote genukeen sexu harremanak izaten ari garela horretarako omen diren gorputz atalak geldi dauzkan norbaitekin egonda.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.