Azaroaren 30ean, grebara joango gara emakume asko. Pentsatzen dut lanpostuen arabera egingo dutela grebaren zenbaketa, eta ez dutela benetako eragina esan nahi izango, baina benetan uzten badiogu egin behar duguna egiteari, mundua gaizki egongo da egun bakarrean baino ez bada ere. Grebarako ditugun arrazoiak ulertzen ez dituenak egun horretan aldatu gabe geldituko diren fardelak zenbatu beharko lituzke. Eta bildu gabe geldituko diren hauts pilotak. Eta prestatu barik utziko ditugun janari kiloak. Eta plantxatu gabe pilatuko diren alkandorak. Eta, eskura eman gabe, dauden lekuan utziko diren hamaiketako poltsak. Eta prestatu gabe joango diren igerilekurako maletak. Eta, inork bultzatu gabe, etxetik aterako ez diren aulki gurpildunak. Eta eskolara inork zaindu gabe iritsiko diren autobusetako umeak. Eta garbitu gabe iraun beharko duten ipurdiak. Eta parkerako bidean inork lagunduko ez dituen edadetuak. Eta ospitaleetan garbitasun zorrotzik izango ez duten korridoreak. Eta zenbatu beharko lirateke egun horretan zenbat telebista izar aterako diren ondo makillatu gabe. Eta zenbat erredakziotan egongo diren hutsuneak langileen artean, baina ez hainbeste zuzendaritzetan. Eta zenbat antzezlan geldituko diren taularatu gabe. Eta zenbat min sendatu gabe, jendeak ez duelako izango nork entzun. Zenbat pertsona geldituko diren zaintzarik gabe, nahiz eta espero baino lanpostu gutxiago hustu.
Gauza asko aldatu dira mende batean, baina emakumeok munduari egiten diogun ekarpenak hortxe jarraitzen du. Gugatik ez balitz, sistemak ezingo luke iraun. Maitasunaren izenean egiten dugun lan horregatik guztiagatik ez balitz, ia dena eroriko litzateke. Eta, hala ere, hil egiten gaituzte, bortxatu, zapaldu eta haurrak bagina bezala tratatu. Egun bakarrean ezingo dugu dena lehertu, baina gure jarrerak erakusteko garaia da.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.