Korrikaren digestioa egin ondoren, hotzean pentsatzeko garai ederra da udaberria. Apirilean, milaka lagunek jarraitu zioten arineketan lekukoari, baina, euskararen kale neurketek diotenez, askoz ere gutxiago dira euskarari hitzez jarraitzen diotenak. Gero eta gutxiago. Gure hizkuntzak dena behar du oraindik: laguntza ekonomikoa, ikastolak, euskaltegiak, administrazioan euskaraz artatzearen aldeko borroka egiteko prest dauden herritarrak, helduen alfabetatzea, eskola publikoa, kalea, hizkuntz agiriak eta titulazioak, tabernariak, funtzionario publiko euskaldunak… euskarak denok behar gaitu.
Izan ere, euskara ez da altxorra. Euskara hizkuntza da, eta hizkuntzak ez dira kutxetan gordetzen itsasoaren azpian, edo gargantila batean bihotz ondoan: hizkuntzak erabili egiten dira. Horregatik pentsatzen dut askotan euskararen inguruan egin dizkiguten metaforak ez direla hain politak, erabileraren garrantzia ez dutelako inoiz azpimarratu. Europako hizkuntzarik zaharrena omen delako da zaila gurea; beraz, jende askok ez du ikasteko ahaleginik ere egin nahi. Txikia denez, altxorra da, eta garai batean urrea kutxetan nola, hala daude gordeta, bideo zintetan baino ez, euskararen zenbait adiera. Hizkuntza koofiziala denez, ofizialekin alderatzen dute zein ederra den esateko, baina, antza, ez da batere funtzionala: euskaraz enamoratzeari maitemindu esaten omen zaio maitatzea eta mintzea batzen dituelako, baina ez diote euskaraz nola esaten zaion goizeko 06:00etan itzartu eta lanera joateari, edo maite duzun pertsona horrekin plazerez lehertzeari, edo okindegiko ilaran zure aurrean dagoen gizon berritsuari. Hizkuntzen garrantzia ez dago etimologian eta esentzian: erabilgarritasunean dago. Gainera, bide batez, maitemintzeak ez du nahitaez minarekin lotuta egon behar.
Joan da Korrika, eta hemendik urte bi barrura arte gordeta egongo da lekukoa. Har dezagun, beraz, benetakoa, mendeetako katean jaso duguna eta gure hizkuntzaren erabileran oinarritzen dena.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.