Goiatz Labandibar
Martxo hasiera honetan, alabak bi urte bete ditu. Eta hortxe ikusi dut neure burua zalantzaren aurrean: kontatu behar ote diot nolakoa izan zen bera jaio zen eguna?
Niri amak urtero kontatzen dit nolakoa izan zen ni jaio nintzen eguna. Nola primerako eguraldia (hori amarentzat eguzkiaren sinonimoa da) atera zuen, eta berak hondartzara joateko asmoa zuen. Baina, hara, niri jaiotzea okurritu zitzaidan egun hartan. Medikuek eman zioten data baino ia hogei egun geroago, erditzea eragingo zioten bezperan. Oso eguzkizalea da ama. Esaten omen zioten kaltegarria zela eguzkia hartzea haurdun zegoela; hainbeste eguzki hartuta, haurra itsua jaioko zela (eta zerbait jaso badut ona herentzian, horixe izan da, bista. Agian, eguzkiari esker izan da).
Teoria batzuen arabera, emakumeak ama izateko prestatuta gaude, biologikoki, sortzetik, berez, per se. Horregatik esnatzen omen dira (omen gara) amak umearen hasperen txikienarekin; edo ez dira hiltzen, nahiz eta lo-ordu eskasiak jota egon, nahiz lanera joan, nahiz erosketak egin behar izan, nahiz eta nekatuta egon. Bizitzak ez du barkatzen (eta ez, ez dago superwomanik; egin ezazu ahal duzuna, hori baino ez).
Baina uste dut ama izatearen ezaugarri nagusietakoa dela seme-alabei haien jaioteguna nolakoa izan zen kontatzea. Kontrakoa ama ez izatearen parekoa dela ia-ia.
Zuen amek ez al dute hori egin izan? Eta ama zaretenok egiten al duzue?
Baina, akaso, nire bi urteko alaba oraindik txikiegia da kontrakzioa, epidurala, zesarea eta ospitalean pasatutako ordu aspertuez hitz egiteko. Horregatik, agian, aurten mingainari kosk egingo diot. Eta helduxeagoa denean kontatuko diot nolakoa izan zen bera jaio zen eguna.
Bere efemeridea.