Erosketak egiteko web orrialde merkeak modan jarri dira. Jendeak euro bi edo hiruan eskatzen ditu gauzak eta, gainera, opariak jasotzen ditu. Badut lagun bat oso merkeak direlako bost poltsa erosi dituena, bakarra erosi beharrean. Orain, horietako hiru bigarren eskuko azokan saldu nahi ditu. Izan ere, bost poltsak berdinak dira, baina kolore ezberdinetakoak. Gustatu egiten zaigu, ordea, gauza asko izatea, aberatsak izatera jolastea. Gure gurasoek poltsa bat izaten zuten eta hura apurtzen zitzaienean erosten zuten bestea. Guk egun eta okasio bakoitzerako daukagu bat, edo, okasio guztietarako bana ez badugu ere, ez daukagu poltsa bakarra, behintzat. Guk dena daukagu asko, eta besteen aurrean aberatsak bagina bezala agertzen gara. Gero, hipoteka ordaindu ezinik ibiliko gara, baina ahal dugun artean gauzak erakutsiko ditugu.
Ez dakit ohartzen garen zer esplotazio egongo den Txinatik honaino hiru euroan bidaltzen duten poltsa baten sortze prozesuan. Gure herriko oihal dendara joango bagina, hiru euroren truke ezingo genuke ezta poltsa egiteko behar den oihala ere erosi. Zerbaitek huts egiten du, baina guk ez dugu halakorik ikusi nahi. 50 euroan lau praka pare eta hiru alkandora erosi nahi ditugu, eta gero egunero bat estreinatu, hurrengo eskaera iristen zaigun arte. Zenbat denbora eta diru xahutzen dugu telefonoa hartu eta kontsumitzeko gauza merkeen bila?
Niri gustatzen zait dendara joatea, erosiko dudana ukitzea, oihala atzamarretan sentitzea eta saltzailearekin hitz egitea. Ez dut uste erromantiko asko gelditzen garenik, baina nik badut erosketa zirkuitu bat: esnea hemen, garbigailurako xaboia han, arropak hiru leku hauetan, olioa beste hor… oso gauza gutxitara joaten naiz supermerkatu handietara, eta bost urtean behin Internetera. Nire lagunek burutik sano ez nagoela pentsatu arren, haiek baino sanoago sentitzen naiz.