Goiatz Labandibar
Duela hilabete pare bat, AIZU!ko Eñautek proposamen hau egiteko idatzi zidan: “Idatziko al zenuke hilean behin gure aldizkarian?”. Eta esaera zaharrak urte berri, asmo berri dioenez, baietz esan nion.
Uste baino lehen iritsi da urte berria, eta, ondorioz, AIZU!rako lehenengoz idazteko momentua. Auskalo non eta norekin hasi duzuen 2025. urtea. Salda beroaz zuen herriko mendi tontorren batean, parranda osteko ajearekin edo, zorte handienekoek, Kanariar Uharteetako eguzkiaren epeltasunean.
Nik lerro hauek idazten hasi dut urtea.
Eta orrialde hauetan aurpegi berria naizenez, neure burua aurkezten hasi beharko nuke, akaso. Nor da Goiatz Labandibar, AIZU!n idazteko ohorea izateko?
Baina zaila egiten zait neure burua deskribatzea. Nor naiz ni? Zenbat aldiz idatzi ote duzue, edo ahozko aurkezpen baterako prestatu, zuen buruaren deskribapena euskaltegian: “X naiz. Hainbeste urte ditut. Hangoa naiz eta hemen bizi naiz. Hauxe ikasi nuen. Honetan egiten dut lan. Hau, hori eta bestea gustatzen zaizkit. Beste hori, ordea, batere ez”.
Ez dakit, hala ere, adinak, bizitokiak, ofizioak edo ikasketek deskribatzen ote gaituzten ondoen. Ziurrenik ez, nahiz eta horrek guztiak izango duen eraginen bat gugan.
Beraz, erabaki dut hitzei, datozen hilabeteetan lerro hauetan idatziko dudanari, uztea neure burua deskribatzen. Zuek ni ezagutzeko modurik zintzoena izango da eta, ziur asko.
Zin degizuet taxuzko kontuak ekartzen saiatuko naizela. Ahalegina egingo dudala gauza interesgarriak (tarteka) idazteko. Edo barregarriak edo bitxiak iruditu zaizkidanak. Agian, noiz edo noiz, gai serioren bati ere helduko diot, bizitza ez baita beti arrosa kolorekoa. Zuek tarte gozagarri bat izan dezazuen, nire onena emango dudala.
Lortuko ote dudan beste gauza bat da. Eta hori zuek baloratu beharko duzue.
Bitartean, hauxe nire lehenengo agurra AIZU!ko lagun guztiontzat.
A! Eta, urte berri on, noski! Edo beste batzuek dioten bezala: Osasunarekin urratu 2025a!