493labandibar

Goiatz Labandibar

Spoiler eginez hasiko dut zutabe hau: liburuzainen % 99,9ri ez zaie gustatuko artikulu hau (zuk ere lehenengo hitza irakurtzean aditu al duzu Gorka Urbizu "Spoiler, spoiler" kantatzen?). Beraz, abisua eman dudanez, liburutegi batean lan egiten baduzu eta udako oporrak iritsi artekoa ooooso luzea egiten ari bazaizu, geratu hemen, ez jarraitu irakurtzen.
Edo bai, jarraitu irakurtzen eta haserretu nirekin. Eta bota iezadazu udako oporrak haaain kostata iristearen errua.
Eta orain, noan harira1. Azpimarratutako liburuak maite ditut. Bereziki, liburutegi publikoetan hartzen ditudanean.
Esan dut.
Liburu batean azpimarratutako hitz edo esaldiren batekin topo egiten dudanean, beti pizten zait jakin-mina. Nork irakurri ote du liburua nire aurretik? Zergatik azpimarratu ote du hitz solte hori, esaldi hori? Zer esan nahi izan dit? Eta hau ere onartuko dut: neuk ere azpimarratzen ditut liburutegietako liburuak. Irakurleen arteko topaleku txikiak iruditzen zaizkit hitz azpimarratuak. Nolabait, batak besteari esango bagenio bezala: “Aizu, begira, hemen gauza oso ederra, oso interesgarria, oso liluragarria2 dago”.
Liburuak zaindu egin behar direla esaten da. Batez ere, guztionak diren horiek. Baina, nire ustez, liburu bat zaintzea ez da liburu aratz3 eta erosi berriaren egoeran mantentzea. Liburu batek irakurlearen aztarnak ere behar ditu: tolestutako orrialdeak, azpimarratutako esaldiak, zuzendutako akats ortografikoak... Eta, zergatik ez, kafe arrastoren bat ere bai orriren batean edo bestean. Ez genioke beldurrik izan beharko liburuak irakurri ditugula dioten markak jartzeari.
Bai, liburuzain hori: kanalizatu zure gorrotoa nigan. Zeurea izan da honaino heltzeko erabakia. Nik hasiera-hasieran egin dizut ohartarazpena eta esan dizut ez zitzaizula gustatuko irakurriko zenuena. Eta, lasai, oporrak hurbilago daude.

1. Noan harira: al grano (es), venez-en aux faits (fr).
2. Liluragarri:
fascinante (es), fascinant, -e (fr).
3. Aratz:
pulcro, -a (es), soigné (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.