493labandibar

Goiatz Labandibar

Lankide ohi batek behin esan zidan beldurra ziola idazle baten lagun izateari. Izaki beldurgarriak gara idazleok.
Idazleon lagunek gure idatzietan beti bilatu nahi izaten dituzte gure autobiografiako kontuak, eurekin bizi izandakoak eta euren burua ere bai. Galdetzen dizute: “Ni al naiz Oihana edo Aitziber hori?”, edo “X al da bizikletatik erorita hanka hautsi zuen beste pertsonaia hori?”.
Eta nik beti esaten diet ezetz, ez direla eurak. Ez baitira eurak. Agian, badute baten edo bestearen antzekotasunik.
Eta bai. Gure lagunek beraiei buruz idaztea nahi dute. Horregatik etortzen zaizkigu eta kontatzen dizkigute askotan horrelakoak eta halakoak, beraiei gertatutakoak, eta proposatzen digute: “Ez duzu horri buruz idatzi nahi?”. Beste batzuetan, proposamen are zuzenekoagoak egiten dizkigute: “Goiatz, honi buruz idatzi behar zenuke”. Eta, aizue, aitortu behar dut batzuetan ideia onak izaten direla (eta beste batzuetan, ez).
Hori bai, gure lagunek nahi dute eurei buruz idaztea, betiere pertsonaia horiei buruz gauza onak badira idatzi dituzunak.
Eta bai, egia da idazleok idazten dugula geure buruari buruz, baita gure ingurukoei buruz ere.
Eta ez, ez dira nire lagunak. Baina, agian, noizbait zuetaz idatziko dut. Eta, agian, ez zaizue gustatuko… Baina hori ere bada literatura: lagunei, ez hain lagunei eta etsaiei buruz idaztea.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.