Mojaveko desertuan bada 14.000 lagun bizi diren hiri bat: California City. Irakurri dudanez, hiria egiten hasi zirenean, lau milioi pertsonarentzat diseinatu zuten, baina ez zuten egin. Garai hartan Kaliforniako bigarren hiririk handiena izango zena egiteko, 33.000 hektarea erosi zituen Nat Mendelsohnek, eta hasiera batean bazirudien bere planak arrakasta handia izango zuela. Hektarea horiek guztiak banakako partzelatan banatu zituen, eta kaleak ere egin zituzten. Gaur egun, ordea, California Cityko kaleetan ez dago etxerik. Kaleak inora ez daramaten bideak baino ez dira, populatu zen hiriko zati txiki batean salbu. Harrigarria da dena. Edo ez hainbeste. Izan ere, Mendelsohnek saldutako lur sail txikietan ez zen etxerik egin jendeak espekulatu egin nahi izan zuelako. Dirudienez, inork ez zuen basamortuan bizitzeko asmorik, baina jende askok pentsatu zuen egongo zela horren truke ordaintzeko prest zegoenik. Hori izan zen lurra erosteko arrazoia: gero garestiago saltzeko zerbait izatea. Alegia, dirua irabaztea. Gehienak esku bete lur geratu ziren, eta gutxi batzuek etxeak eraiki zituzten eta han bizi dira, desertuaren erdian.
Kapitalismoak engainatutako gizakia horrelaxe bizi da beti: aberasteko esperantzan. Langileak aberastea ia ezinezkoa da, ordea. Mendelsohnek ez zuen bere asmoa bete, eta ez zen espero izandako hiria sortu, baina berak erositako lur zatirik handiena saldu egin zuen, behintzat. Erosi zuen prezioan baino garestiago seguruenik. Hari etxea egiteko sail bana erosi ziotenak, berriz, milaka izan ziren, eta haien lurrak han egongo dira, batek daki noren eskuetan. Litekeena da herentzia irakurketaren batean edo agertzea Mojaveko basamortuan hainbat metro karratu izan dituela norbaiten amak edo aitak, edo amonak edo arrebak edo lehengusuak edo lagunak. Eta litekeena da denborarekin inoiz jaberik izan zuten lurrak hasierako jabeari itzultzea. Lurrari. Justizia poetikoa izango litzateke.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.