Goiatz Labandibar
Bizilagun onak edukitzea da bizitza honetan gerta dakizukeen gauzarik onenetariko bat. Eta, neurri batean, ia kasualitaterik handiena ere bai. Bizilagun ona ondoko atean, egunkariak jasoko dizkizuna oporretara joaten zarenean. Haurra nintzenean amona etxean ez zegoenean, bizilagunaren sukaldera joaten nintzen amona iritsi arte. Halako bizilagun batzuk gauza ederra ziren. Edo, ditxosozko pandemia izan zen garai hartan bezala, egoera are gehiago zaildu edo konplikatuko ez dizuten bizilagunak.
Bizilagun ona behar da, halaber, oporretan joateko. Oporretan etxetik ateratzen zara eta dena bizi duzu indar handiagoz. Oporretan, ordu asko pasatu behar izaten da pertsona gutxi batzuekin. Eta denbora hori urrea da. Galdetuko balidate norekin joango nintzatekeen munduaren bukaeraraino, esku bateko hatzekin zenbatuko nuke jende hori.
Jendea momentu txar edo gogorrenetan ezagutzen dela dio esaera zahar batek. Esaera zaharrek mendez mendeko herri jakituria biltzen dute. Eta jakituria hori ezin da oker egon.
Adibidez, ospitalean gela norbaitekin partekatzea tokatzen bazaizu noizbait, esaera horrek erabateko zentzua du. Esperientzia pertsonalak esaten dit baietz, ospitalean ondoko ohean bizilagun on bat izatea ezin dela diruz ordaindu.
Duela gutxi tokatu zait egoera hori bizitzea berriz, alabarekin. Ospitaleko egonaldia egin beharko genuen gelara iritsi ginenean, haurtxo bat eta bere ama zeuden han. Hiru egun eman genituen haiekin eta etxera joan zirenean, poztu nintzen haiengatik, noski, baina baita beldurtu ere: nolakoak izango ote dira hurrengo bizilagunak? Berehala iritsi ziren mutiko bat eta bere etxekoak. Eta, zorionez, haiek ere primerako bizilagunak izan ziren.
Horregatik diot hauxe: ospitalean bizilagun ona denarekin, edonora. Baita munduaren beste puntaraino ere.
Beste bi gehituko ditut hatzekin kontatzen ditudanen zerrendara.