493labandibar

Goiatz Labandibar

Behin irakurri nuen badaudela hainbat hegazti espezie belaunaldiz belaunaldi memoria transmititzen dutenak. Horregatik, inoiz arriskutsu izandako guneetatik ez dira pasatzen arriskua ezagutu ez duten belaunaldi berriak, nahiz eta dagoeneko arriskurik ez izan, belaunaldiz belaunaldi gordetako memoria kolektibo horrengatik.
Ikasle garaian Mendelen ilarrekin genetista izatera jolasten ginenean, ikasi genuen begi urdinak dituen pertsona bat eta begi beltzak dituen bat elkartzen badira, haien haurrak begi beltzak izango dituela. Aipatutako hegazti horiek, genetikari dagozkion ezaugarriez gain, memoriari dagozkionak ere pasatzen dizkiete beren ondorengoei, antza.
Baina gu gizakiak gara, ez hegaztiak, eta oso memoria selektiboa daukagu (historikoa eta pertsonala; begira, bestela, nola daukagun mundua...). Kontatuta ere, askotan ez zaizkigu buruan geratzen gure aurrekoen kontuak.
Duela gutxi, Ane Elgezabal Odriozolaren lehen liburua (Haizean erpeak) aurkeztu da. Oraindik ez dut leitu, baina albistearen titularrean eta entresaka horietan irakurri nuen idazlea amaren bizimoduan oinarritu dela nobela idazteko. Eta, adibide gisa, urik gabeko baserri batean jaio zela aipatzen zen.
Bada, istant horretan gure amonak kontatzen zuenaz gogoratu nintzen. Baserritik auzoko etxera jaitsi zirenean bizitzera, eta anaia mutilzaharra ezkondu zenean, abantailarik handiena zein izan zen galdetuta ez zuen zalantzarik egiten: “Erreka askoz hurbilago dagoela eta ur bila joateko ez dela hainbeste ibili behar”.
Urik gabeko baserriak eta etxeak ez daude hain-hain urruti ere, nahiz eta kanila ireki eta ur zurrusta erortzen ikusiz hazi garenok imajinatu ere ez dugun egiten, etxean ura edukitzea zerbait naturala eta berezkoa balitz bezala.
Ez legoke gaizki gizakiok ere, hasieran aipatu ditudan hegazti horiek bezala (nahiz eta hori ukatzen duten zientzialariak ere badauden), belaunaldiz belaunaldiko memoria hori kode genetikoan txertatuta eramango bagenu. Akaso, bestelakoak izango ginateke.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.