Maiatza beti lotu izan da loreekin, eta loreak erleekin. Azken urteetan, ordea, ez da behar adina erle ikusten gure inguruan. Badakigu gure telefonoek eta intsektizidek eragina daukatela horretan, baina ez dugu gure bizimodua aldatu nahi. Gauza askorekin jokatzen dugu berdin. Badakigu erregai fosilak amaitzen ari direla, badakigu gero eta energia elektriko gehiago sortzeak kalte handiak eragin ditzakeela, badakigu gure bizi ohiturak planeta erretzen ari direla, baina besteei botatzen diegu errua beti. Biodibertsitatea asko urritu da urte gutxian, baina nahiago dugu beste alde batera begiratu. Guk daukagun bizimoduari eutsi nahi diogu, eta, ondorengoak egongo direnez okerrago, geurean jarraitzen dugu. Geurekoiak izatea tokatu zaigu historiaren une honetan munduratu ginenoi.
Ez dakit zenbateraino aldatu beharko dugun gure bizimodua erleek eta loreek behar adina leku har dezaten gure bizitzan, baina urtero gero eta espezie gutxiago loratzen direla ikusten ari naiz. Arazoa ez da bakarrik berez hazi ohi diren gauzena. Landatzen ditugun gauzetan ere arazoak daude: gauza bakoitzetik espezie batzuk baino ez dira landatzen, gogorrenak direla esaten digutenak, hain zuzen. Kontua da ez garela jartzen pentsatzen gogorrak norentzat eta zergatik diren. Hau da, ez gara ohartzen supermerkatuan edo hozkailuan gehien irauten dutenak direla irabazten ari diren espezieak: ez goxoenak, ez bertokoenak, ez zaharrenak, ez handienak.
Erleak desagertzen badira mundua desagertuko dela esan zuenaz oroituko gara aurten ere maiatzean, baina hegazkina hartuko dugu abuztuan eta sakelakoarekin egingo ditugu erosketa guztiak urte osoan, eta autoz joango gara poteora astebururo, eta ez ditugu hondakinak birziklatuko ontziak ez daudelako gure etxetik hamar metrora baino gutxiagora, eta ez gara gu kezkatuko planeta osoaren arazoez. Ez dakit zein den esnaraziko gaituen ziztada hori, baina batek baino gehiagok ondo merezita jasoko dute.