Onintza Enbeita

Egungo oporrak ez dira opor, inora joaten ez bagara. Ez du balio telefonoa itzali eta etxe ondoko hondartzetan galtzeak edo egunkaria inork eten gabe irakurtzeak. Urrutira joateak balio du: zenbat eta urrutiago, hobeto. Telefonoarekin argazkiak egin ahala bidali egiten ditugu hemen bageunde bezala idazten jarraitzen diguten taldeetara, Whatsapp edo Telegram bidez. Egunez, argazkiak egiten ditugu, eta gauez, izarrei begira egon beharrean, Instagramen jartzeko egokiena aukeratzen egoten gara. Gauza horiek balio dute gaur egun.
Garai batean, argazki bildumak egiten genituen, edo diapositiba sorta prestatzen genuen lagunei erakusteko. Onartzen dut gogaikarria zela ikusi behar zituenarentzat. Pentsa ezazue oporrik gabe gelditu denari zer interes piztuko dion beste batzuek hor zehar bizi izan dituzten abenturak ikusteak. Bada, antzeko zerbait gertatzen da orain sare sozialekin. Nahi ez duenak ere ikusi egin behar izaten ditu urrutiko hondartzak, mendiak, hiriak… eta ohikoak bezain gogaikarriak diren beste zenbait argazki: bidaian elkarrekin joan diren pertsonen oinak hondarretan, liburu bat eguzkipean, ikurrin bat mendi tontorrean, garagardo bat urrutiko hiri batean… ez dago bidaia aldizkariak erosi beharrik: ekainetik urrira arte, ez da besterik egongo sareetan.  
Ez zait gaizki iruditzen hori guztia, baina oporrak zertarako diren ahaztu egiten zaigula uste dut. Lehen, sakelakorik gabe Kubara joaten ginenean edo Senegalen estaldurarik gabe gelditzen ginenean, lasai egoten ginen. Maite gintuztenek bazekiten non geunden, eta aurkitzen genuen modua tarteka “ondo gaude” esateko. Eta deskonexio hori zen, mundutik kanpo sentitzeko aukera hori, oporrek zeukaten gauzarik onena. Palmondopean egindako argazki bat erakustea nahikoa zen urrun egon ginela frogatzeko. Herrian gauza asko gertatzen ziren gu kanpoan geunden bitartean, eta, aldi berean, ez zen ezer gertatzen. Orain, ordea, joaten garenean ere hemen gaude, eta hemen gaudenean ere han gaude, eta ez dakit munduarekin deskonektatzerik lortzen dugun inon.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.