493labandibar

Goiatz Labandibar

Duela aste batzuk, kontzertu batera joatea proposatu nuen lagun taldearen whatsappean. Haietako batek berarekin ez kontatzeko erantzun zidan, ez zituela entzutera joatea proposatu nuen musikari haren kantak ezagutzen eta zertara joan behar ote lukeen berak abestu ezin duen kontzertu batera.
Ez nintzen sekula jarri horren gainean pentsatzen. Baina, klik, mezu hura irakurri ondoren, agendan fitxatuak ditudan hurrengo kontzertuei begira hasi nintzen (Izaki Gardenak, Anari, Tulsa…), eta talde horien zenbat abesti dakizkidan aztertzen (bat, bi, bost, hamar, alerik ez…); batez ere, disko berrien aurkezpenetako zenbat kantatzeko gai ote naizen.
Eta konturatu nintzen haien abesti gutxi ezagutzen ditudala hitz eta guzti, kantatzeko moduan.
Eta gero pentsatu nuen zenbat kontzertutan egon ote naizen entzuten, isilik. Eta zenbat gozatu izan dudan. Hala ere edo horregatik, hain zuzen.
Kontzertuak, batzuetan, kantatzeko dira. Eta ederra da kantatzea. Niri ere gustatzen zait abestea, desafinatzen badut ere. Izan ere, ozenki abesteak baditu bere arriskuak. Agian, tonuz kanpo kantatuko duzu, eta norbera gehientsuenetan ez da konturatuko, baina, ai ene!, gaixoa aldamenean egokitu zaizuna…
Ez da hain zaila kontzertuetan abesten hasi eta hanka sartzea. Artistek maiz izaten dute euren abestien melodiak pixka bat aldatzeko tentazioa zuzenekoetan (horregatik dira artista, ezta?). Emanaldiei halako kutsu berezi bat eman nahian edo, auskalo.
Baina, beste batzuetan, kontzertuak isilik egoteko ere badira. Eta hori ere ederra da. Ederregia, akaso…
Eta zu, nolako kontzertuzalea zara? Abestea gustatzen zaiona ala nahiago duena isildu eta musikari hitz egiten utzi?


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.