Askotan esan izan digute izan nahi duguna benetan izateko aukera ematen digutela inauteriek. Ez dakit hori itsuki sinetsi behar dugun, ordea. Hitz egin dezagun, esate baterako, emakume mozorrotzen diren gizonez. Emakume izateko modu hedatu eta inposatu bat badago: irribarre egin behar duzu algararik egin gabe; dotore jantzi behar duzu arretarik piztu gabe; eskotea behar duzu gehiegi erakutsi gabe; makillatu behar duzu koadro baten antzik hartu gabe; ilea, ahal dela, luze eraman behar duzu luzeegia izan gabe; ilea mozten baduzu, izan dadila ondo gelditzen zaizulako eta mozketa dotorea; modernoa izan behar duzu zoroa izan gabe; dotorea izan behar duzu puta izatea zer den ahaztu gabe; puta izan behar duzu intimitatean eta gizonekin bakarrik; titi handiak beharko dituzu desiratua izateko; gorputzeko ileak kendu egin beharko dituzu sufritu egiten duzula onartu gabe… Askotan imajinatu izan dut patriarkatua gobernatzen dutenek manikiak izango dituztela bulegoetan eta haiei gauzak ipintzen edo kentzen jardungo dutela gero guri zer inposatu erabakitzeko.
Kontua da emakume izateko modu bat asmatu zutela behinola, eta tranpa horretan harrapatu gaituztela guztiok. Hori gutxi balitz bezala, inauteriak iristen direnean, gure inguruko gizonak emakume mozorrotzen dira, hain zuzen ere eurek inposatu diguten eredu horri barre egiteko. Bueno, guri barre egiteko. Izan ere, inauterietan gizon bat ileordearekin ikusten badugu, bularraldean globoak sartuta eta minigona jantzita, mozorrotuta dagoela pentsatuko dugu. Emakumeok praka luzeak janzten baditugu inauteri gauez, ordea, inork ez du pentsatuko mozorrotuta gaudenik. Ezta kremailerapean globoak sartuko bagenitu ere! Hori gustu txarreko mozorroa dela irudituko litzaiguke.
Kuriosoa da nola behartu nahi izan gaituzten modu batekoak izaten, gero modu hori bera kritikatzeko, gure aukera balitz bezala.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.