Beti entzun izan dugu Athletic sentimendua dela, ez dela talde soila. Eta neuk ere usain hori hartu izan dut San Mamesen egon naizen aldi gutxietan. Partida hasi aurretik ereserkia kantatzen den une hori magikoa iruditzen zait beti. Umeak, gazteak, zaharrak. Emakumeak, gizonak, ez emakumeak eta ez gizonak. Hamabostero zelaira joaten direnak eta egun horretan bakarrik agertu garenak. Denak zutik kantuan entzuteak ilea tente jartzen dit. Aitortzen dut. Eta ez dakit han egoten diren beste 49.999 lagunentzat, baina niretzat ereserkiak dioena ere garrantzitsua da: “Gaztedi gorri-zuria, zelai orlegian, Euskal Herriaren erakusgarria”. Eta uste dut gauza horiengatik esaten dugula, hain zuzen ere, Athletic geurea dela. Baina momentu batez, koparen ospakizunen zurrunbilo horretan, geurea izateari utzi ziola iruditu zitzaidan. Batetik, jokalariek asmatutako ereserki ganorabako hori entzuten zen leku guztietan, eta, bestetik, euskararen presentzia eskasa edo ezereza izan zen ospakizun osoan.
Penagarria da Euskal Herriaren erakusgarria dela kantatzen diogun taldean hori ikustea. Ez da hain zaila adostea, euskararen zentralitatean sinetsi ez arren, hala delako itxurak egitea, behintzat. Bada, ez. Korrikaren lekukoa eraman zuten jokalariek gaztelania garbian hitz egin zuten. Formak zaintzeko ahaleginik ere ez zen egon. Jende askok dio euforiak gidatu zuela egoera. Eta horrexek ematen du minik handiena. Izan ere, halako uneetan ikusten da argien zein diren taldearen eta taldekideen balioak, inprobisatu egin behar denean, tripetatik hitz egiten denean.
Pertsonalki, mingarria egin zitzaidan hain euskara gutxi entzutea, eta momenturen batean nesken taldeari erreferentziarik ez egitea ere bai. Hori, pertsonalki. Kolektiboki, Athleticek, klub moduan, euskarari dagokionez iparra berreskuratu beharko lukeela pentsatzen dut.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.