Garai batean, egungo udaberriarekin hasten zen urtea. Natura lozorrotik esnatu ahala, bizitza ere berpiztu egiten zen. Gero, kapitalismoa etorri zen eta zentzu handirik gabeko ordenan eraiki genuen dena. Izan ere, orain, iraila hartzen da hasieratzat. Ikasturtea hasten da, lan urtea… baina biologikoki amaieraren hasiera dela iruditzen zait. Biologikoki edo naturalki, hala esaterik badago, behintzat. Inguratzen gaituen guztia hasten da itzaltzen irailean. Uztaren aniztasuna murriztu egiten da, landare asko lehortu egiten dira, arbolak biluztu, animaliak lotaratu… eta guk, aldiz, proiektu berriak hasten ditugu.
Kostatu egiten zaigu iraila hastea. Lanera itzultzeak benetako estresa sortzen dio jende askori. Opor osteko estresa esaten diote, baina ez da izango dena amaitzen ari denean norbera hasi beharraren estresa? Ez daukat froga zientifikorik esaten dudana ziurtatzeko, baina pentsatzen dut udazkenean barrura biltzeko momentua hasten dela. Horixe esaten digu inguratzen gaituenak: egin lo lasai eta udan indartsuago egongo zara. Guk, ordea, kontrakoa egiten dugu. Pilak kargatuta izan behar ditugu ikasturtea hasteko eta proiektu berriei ekiteko eta argaltzeko eta erretzeari uzteko eta gimnasioan izena emateko.
Beranduegi da horrelako gauzak aldarrikatzeko. Astea kristauki banatuta daukagu, eta urtea kapitalistaki. Dagoeneko norberaren erritmoak ez dira garrantzitsuak, sistemarenak baino. Hala ere, geure buruari zenbait gauza barkatze aldera, irailen astiroago hasi nahi duenari ez egin presiorik. Agian, gu baino hobeto iritsiko da datorren ekainera, eta otsailean, gu akituta gaudenean, ezin bizkorrago ibiliko da. Beranduegiren barruan ere, lizentzia batzuk hartu beharko genituzke, eta geure buruari inguratzen duenaren parte izaten utzi.