XIX. mendean ipinitako izena aldatu eta La Négresse izatetik L'Allégresse izatera pasatu da Biarritzeko geltoki inguruko auzoa. Izen sexista eta arrazista zela argudiatuta, Mémoires et Partages (Oroimenak eta Partekatzeak) elkarteak eskatu zuen izena aldatzeko, baina Biarritzeko Herriko Etxea aurka izan da. 2020tik epaitegietan borrokan ibili ondoren, elkarteari eman diote arrazoia. Herritarren artean bozketa eginda, L'Allégresse izena hautatu dute. Hori bai, jatorrizko euskarazko izena, Herausta, ez zuten proposatu ere egin. Ados al zaude izen aldaketarekin?
Biarritzeko gau eskolako B2 mailako taldea
1. Bruno
Ulertzen dut pertsona batzuk izen horrekin minduak sentitzea (La Négresse), haientzat mespretxagarria delako, baina euskarazko izen bat nahiagoko nuke. Hala ere, ez dut uste miarriztar gehienek euskarazko izena hautatuko zutenik. Uste dut kanpoko jende gehiegi arduratzen dela gure herria izendatzeaz.
2. Rene
Lehen izen aldaketak bi helburu izan zituen. Euskara desagertarazi eta auzoko ostatuaren kudeatzaile bat mespretxatzea zein folklorikoki kalifikatzea. Esklabismoa 1847an bigarren aldiz deuseztatua izan zen, eta nik jatorrizko izenera, Herausta, itzuli nahi dut. Aupa euskara!
3. Jacqueline
Izen berri baten alde bozkatzea ona da, proposamenak onak badira, bestela boza emateak ez du balio. Lane Gresse gaskoierazko izena ez da zuzena, lehenago Herausta deitzen baitzen. Zergatik Herriko Etxeak ez du jatorrizko euskarazko izena proposatu, ez eta auzoaren historia azaldu? Nire ustez, Euskal Herritik euskara kanporatzea da haien nahia.
4. Marc
Ez dut ulertzen zergatik Herriko Etxeak ez duen jatorrizko izena aukeratu. Beharbada, komunikazio tresna gisa erabili du, kanpoko jendeen parean haien burua zuritu ahal izateko. L'Allégresse aitzineko izenaren hitz jokoa da, eta horrek ere mespretxua adierazten du, aitzineko izenarekin hurbiltasun fonetikoa mantenduz.