Udalaren eskaria beteta, iragan urtarriletik eremu tentsionatua da Orereta. Hortaz, neurriak hartu ahal izango dira etxebizitzen alokairua errazteko, bizitokia lortzea oso zaila baita herrian, batez ere alokairuan. Neurria lagungarria izan arren, Espainiako Gobernuak zenbait urrats egin ezean, hankamotz egongo dela salatu du Udalak. Etxebizitzarena arazo handia da? Neurria onuragarria izango da?
Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiko C2 taldea
1. Gorka Bengoetxea
Zalantza handiak ditut neurriaren eraginkortasunari buruz. Ez dut uste herritarrek, oro har, eta gazteek, bereziki, etxebizitza bat eskuratzeko duten arazoa konponduko duenik.
2. Iker Gomez
Albistea ona izanik ere, ez dut uste Oreretan etxebizitzaren arazoa epe motzean konponduko denik. Dagoeneko, gainera, Udalak aurreratu du neurri asko ezingo direla indarrean sartu.
3. Irene Sotelo
Ongizatearen oinarrienetako bat denez, ez da bidezkoa etxebizitza eskuratzeko horrenbeste arazo izatea. Hilabetero ordainsari xumea jasotzen dutenentzat, etxebizitza eskuratzea arazo larria da; are gehiago, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboentzat.
4. Haizea Egizurain
Neurriak lagungarriak izan daitezkeen arren, udalerrietan bakarrik hartzeak ez du arazoa errotik konponduko. Neurri zentralizatuak hartu behar dira, gurpil zoroa amai dadin.
5. Jone Juanarena
Inguruko herrietan neurriak hartu ezean, izendapenak ez du eragin nabarmenik izango. Izan ere, etxebizitzen arazoa ez da soilik Errenteriara mugatzen. Hortaz, ezinbestekoa da eskualdeko egoera orokorra kontuan hartzea irtenbide eraginkor bat martxan jartzeko.
6. Edurne Pujana
Ondo dago, baina honetara iritsi gara, oro har, ez delako etxebizitza behar bezala kudeatu. Azken urteotan alokatzeko edo erosteko eskubidea pribilegioa bilakatu da. Ez badira hartzen etxebizitza duinaren eta publikoaren aldeko neurriak, alboko herriak tentsionatuko ditugu.
7. Janire Sarduy
Ez dut uste neurriak ondorio nabarmenak izango dituenik, epe motzean ez behintzat. Agian, kontratu berrietan eragin handiagoa izango du. Hala ere, lan handia dugu egiteko oraindik.
8. Axier Lasa
Soldataren %30 baino gehiago ezin omen zaio eskaini alokairuari. 1500€ kobratzen dituenak 500€ ordaindu beharko lituzke alokairuan. Oreretan alokairua 1000€ren bueltan badago… Prezioei muga jartzea ezinbestekoa da.