Gainean ditugu Gabonak: umeen ilusioa, opariak, jan-edan oparoak... Konturatu gabe joaten zaigu dirua batean eta bestean, baina aurten oso garesti dago dena. Adibide moduan, kilo bat angula 7.280 € ordaindu zuten Asturiasen (Espainia) azaroaren hasieran. Hori oso gutxiren esku dago, baina beste gauza batzuetan ere aurrez daiteke. Nola ospatuko dituzue Gabonak? Berdin-berdin? Erosketak aurreratuta? Gauza gutxiagorekin konformatuta?
Laudioko AEK euskaltegiko B2-C1 mailako taldea

1. Gaizka
Familiarekin elkartuko gara afaltzeko eta bazkaltzeko; egun politak dira seme-alabekin opariak prestatzeko, argiak pizteko, Olentzero ikusteko eta elkarrekin egoteko. Lagunekin ere elkartuko gara; askok beste herrialde batzuetan egiten dute lan eta urtea hemendik kanpo ematen dute, hortaz, egun ederrak dira elkar ikusteko. Aurten daukagun egoerarekin, erosketak aurreratzeko asmoa dugu. Abenduan, auskalo zer topatzen dugun!

2. Joseba
Oraindik ez dakit nola ospatuko ditudan. Bi aukera ditugu buruan: edo familiarekin, betiko moduan, edo atzerrira joan bidaia bat egitera. Hemen geratzekotan, opariak erosiko ditut, baina soilik behar ditugun gauzak. Kanpora joaten bagara, ez da oparirik egongo edo oparitan gastatu beharrekoa murriztuko dugu. Baina esandakoa, azken unean erabakiko dugu.

3. Irene
Gabonak egun bereziak dira. Familiarekin elkartu, janari goxoak jan... hori dut gustuko. Dena den, horretarako ez da beharrezkoa janaririk garestiena edo oparirik handiena egitea. Garrantzitsuena da egun ederrak pasatzea. Seguruenik, gehienok bezala, erosketak egingo ditut, baina uko egingo diot asko erosteari eta asko gastatzeari.

4. Jon Ander
Aurten, nire Gabonak ezberdinak izango dira. Nire amama gaixorik dago eta, horregatik, ez gara familia guztia elkartuko festak ospatzeko. Hori dela eta, nire neska-lagunarekin bidaia bat egiteko aprobetxatuko dut, eta etxean pasatuko ez ditudan lehen Gabonak izango dira.

5. Iñigo
Gabonak ez zaizkit gustatzen. Zerbait ospatzen dut: Gabon-gaueko afaria eta Gabon zahar gaueko afaria, batez ere, familiarekin egon eta gutizia batzuk dastatzeko. Erosketa batzuk egingo ditut, Olentzeroren opariak, batez ere. Etxean ohitura denez, nik ere horretara egokitu behar dut. Gauza bat argi daukat: mahatsik ez dut jango!

6. Edurne
Egunero-egunero begiratzen diogu diruari, eta, hala ere, denetarik egingo dugu. Gabonak, aurten, inoizko garestienak izango dira, baina beste urte batzuetan bezala ospatuko ditugu. Aurrekontua ezarriko dut eta horrekin moldatuko naiz, eta saiatuko naiz opariak dirurik gastatu gabe egiten.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.