Euskal Herriko 700 txosna eta 200 jai batzorde txosnak ondare immaterial izendatzeko sinadurak biltzen hasi dira www.txosnak.eus atarian, “arriskuan” daudelakoan, administrazioek gero eta betebehar gehiago ezartzen dizkietelako. Gauzak horrela, txosnak babestu behar direla uste duzu? Txosnazalea zara eta sinatuko duzu webgunean? Ala zure herriko jaietan ez zara hurbiltzen txosnagunera?
Santurtziko AEKko B2/C1 mailako taldea
1. Iñaki
Txosnen atzean herriko elkarte kulturalak, kirol taldeak eta egitasmo sozialak daude. Txosnen bidez talde horiek urtean zehar ekintzak antolatzeko dirua eskuratzen dute, horregatik da horren garrantzitsua txosnak babestea, bizitza soziala bermatzeko zein euren pribatizazioa saihesteko.
2. Luis
Betidanik Euskal Herrian txosnek gizarte ehuna babestu eta bultzatu izan dute, baina denak ez daude horren alde; hori dela eta, trabak jarri nahi dituzte.
3. Laura
Gaur egun, txosnak jaietan ezinbestekoak dira. Beren funtzioa garrantzitsua da harreman sozialetan. Ni txosnazalea naiz, eta, nire ustez, desagertzen badira, jaietako funtsa ere desagertuko da.
4. Leire
Ondare immateriala gizakion tradizioez eta adierazpenez osatzen da. Balio kultural nahiz sozialak belaunaldiz belaunaldi helarazten dira. Denbora pasa ahala, txosnek gure jendartean toki garrantzitsua lortu dute. Hori dela eta, Euskal Herriko ondare immaterialaren zerrendan egotea merezi dute.
5. Beatriz
Oso txosnazalea naiz. Garrantzitsuena txosnen atzean dagoen proiektu soziala da, bai denbora eta energia inbertitzen dituzten boluntarioak, bai egitasmoa kontsumituz sustatzen dugunok. Bat egiten dugu, helburua aurrera eramateko. Bestalde, txosnek euskal nortasuna sustatzen dute, eta horrek gainontzeko herrietatik bereizi egiten gaitu.
6. Ruben
Urteetan lan egin dut txosnetan, eta uste dut TicketBAI ez dela egokia. Txosnak ez dira enpresak, baizik eta jendearen lanaz egindako egitasmoak. Dirua ez da irabazteko, herrian inbertitzeko baizik. Ticket BAIk arazoak eta kostuak eragingo ditu: wifia kontratatzea, azpiegitura teknologikoa... Administrazioak erraztasunak eman beharko lituzke.