2030ean haize errotekin lortutako energia garbia oraingoa baino lau aldiz handiagoa izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta hori lortzeko, hainbat parke eoliko eraikitzea aurreikusi du, Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren bitartez. Aixeindarrek lau parke eoliko eraiki nahi ditu, gutxienez, Arabako mendietan: Arkamon, Azazetan, Iturrietako mendietan eta Labrazan. Egitasmoak, ordea, kontrako iritzi asko piztu ditu, haize errotek ingurumenean eta natur aniztasunean eragingo lituzketen kalte handiengatik. Gainera, eremu horietako gehienetan ezin dira mota horretako azpiegiturak altxatu, legez babestuak daudelako. Zer iruditzen zaizkizu parke eoliko horiek eraikitzeko egitasmoak? Urduñako AEK-ko C1 taldeko ikasleak

1. Ixone Usaola
Parke hauek ingurumena zaintzen duten energia iturriak balira bezala saltzen dituzte, eta diru asko mugitzen da. Energia mota hau beti da erregai fosiletatik sortutakoa baino garbiagoa, ez dute eta kutsadurarik sortzen. Garrantzitsua da kokapena, hau da, begiratzea ondo non eraikitzen diren eta nolako eragina izango duten.
2. Mikel Kormenzana
Energia berriztagarriak beharrezkoak direla argi daukagu denok. Galdera litzateke: horiek ekoizteko, zergatik atera behar dira beti galtzaile paraje natural babestuak? Argi dago, energia ekoizteko ere, beste eredu bat behar dugula.
3. Esti Dueñas
Aitortu beharra dago energia garbiek, beste energia motekin alderatuta, abantaila handiak eskaintzen dizkigutela. Hori dela eta, eguzkiaren energia, haize errotek sortutakoa eta energia hidrikoa sustatzeko ekintzak egin beharko genituzke. Zoritxarrez, eragiten dituzten kalteak onurak baino handiagoak izanez gero, bitan pentsatu beharko genuke horrelako obrak egitea.
4. Uxue Durana
Energia berriztagarriak beharrezkoak dira, baina ez nago parke eolikoak gure inguruan jartzearen alde. Izan ere, horrek inpaktu handia izango luke gure mendietan, naturan eta izakiengan. Hori dela eta, parke eolikoak non jarri behar diren ondo planifikatu behar dela uste dut.
5. Lander Loidi
Parke eolikoak Arabako mendikateetan jartzea ez zait batere ondo iruditzen; izan ere, eremu gehiena babestuta dago. Horrelako azpiegiturek kalte handiak eragiten dituzte ingurunean: basoen suntsipena, kutsadura bisuala... Gainera, dirua eta irabaziak goi mailako enpresarientzat izango dira, beti legez.
6. Iñaki Urruela
Eusko Jaurlaritzak proposatutako parke eolikoen proiektuaren kontra nagoela esan behar dut, kalteak irabaziak baino handiagoak izango liratekeelako. Ingurumenean ondorio larriak izango lirateke, kontuan izanda Arabako mendilerroetan hegaztien kopuru eta aniztasuna oso handia dela.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.