Azken adibidea Guardian enpresarena da: Laudioko lantegia ixteko asmoa du zuzendaritzak, eta 171 langile kalean geratuko lirateke. Baina ez da kasu bakarra: fabrika ugari itxi dute azkenaldian eskualdean, eta beste askotan arazoak izan dira. Herritarrek eta eragileek, SOS Aiaraldea plataforman bilduta, neurriak eskatu dituzte eskualdeko gainbehera ekonomikoa ekiditeko. Kezkatzen al zaitu egoerak?
Laudioko AEK euskaltegiko C1 mailako taldea
1. Oier
Aiaraldeko kasua ez da isolatua. Euskal Herri zabal osoan zehar ari dira industriak ixten. 2000 lagunek galdu dute industrian lanpostua. Honek klase ertainen deskonposizioa ekarriko du, hots, gure bizi kalitatearen pobretze orokortua.
2. Eider
Egoera oso kezkagarria da. Bertako industria asko ateak ixten ari dira, eta familia asko kaltetuak izan dira. Guardianen itxieragatik, 171. Egoera honen aurrean denok elkartu beharko genuke, konponbideak bila ditzagun
3. Joxean
Egoera oso kezkagarria da. Fabrika honen itxierak kalte handiak ekarriko dizkio herriari eta, batik bat, kaleratuei. Herriek horrelako enpresak behar dituzte, diru asko ematen dutelako.
4. Irune
Egungo egoera sano larria da eskualdean, Guardianen itxiera ez baita lehenengoa izan. Argi dago honek guztiak, berandu baino lehen, herriko zerbitzuetan ez ezik, eskualdekoetan ere eragina izango duela.
5. Nitai
171 langile kaleratuko dituzte, nire aita horietako bat da. Egoera oso larria da. Ez diete irtenbiderik eman, badirudi Aiaraldean desindustrializazioaren hasiera dela. Ondorioz, hainbeste enpresen itxierak ikusita, etorkizun beltza sumatzen dut.
6. Luken
Egoera kezkagarria da, gainera, nire etorkizuna ez dut oso ondo ikusten. Mekatronika industriala ikasten dudanez, ez dut uste lana erraz bilatuko dudanik gure zonaldean. Herri guztiaren laguntza beharrezkoa da.
7. Mikel
Oso gai kezkagarria da, Aiaraldean eragingo dituen kalteak direla eta. Gure herriko ekonomia asko kaltetuko da, bereziki langileen familiak. Guztiok batu beharko genuke konponbideak bilatzeko, gure herriak hutsik ez geratzeko.