Duela 40 urte aurkeztu zuten Durangoko Azokan AIZU!ren 0 zenbakia. Deustuko Unibertsitatearen jiran zebilen ikasle talde batek sortu zuen aldizkaria, euskara ikasten ari zirenei material lagungarria eskaintzeko. Ordutik, helburu berari eutsi dio AIZU!k, eta AEK-ko ikasleek hilero jasotzen dute. Zuek irakurtzen eta erabiltzen duzue? Bilboko AEK-ko Matxintxu-Larrako euskaltegiko C1 mailako taldea
1. Alba
Horoskopoa da gehien gustatzen zaidan atala. Grazia handia egiten dit, eta lagunekin komentatu ohi dugu. Bestalde, eskoletan berriak eta bitxikeriak erabiltzen ditugu hiztegia handitzeko eta iritziak partekatzeko; oso lagungarria da, oro har!
2. David
AIZU!, niretzat, aurkikuntza handia izan da. Nire euskara bultzatzeko beste aukera bat da, baita gure ingurunean gertatzen diren ekintza interesgarriak jakiteko ere. Jokoak oso onak dira lexiko berria ikasteko.
3. Jon Ander
Euskaltegian hasi nintzenetik, aldizkarian agertu ohi diren albiste laburrak oso lagungarriak izan dira ikasleon artean hitz egiteko. Gai desberdinak argitaratzen dituzte, eta guk haien gainean eztabaidatzen dugu.
4. Eva
Nik izugarri balioesten dut berdintasunaren alde egin duena. Izan ere, azalean neska eta mutila txandaka agertzen dira beti. Guztien ordezkaritza izatea ez da kasualitatez iristen. Nire ustetan, nabarmena da horren atzean lan itzela dagoela.
5. Ozkar
AIZU!k euskararen gaineko ekintza ugari dakar, eta oso aberasgarria delakoan nago. Horrez gain, barre egiteko aukera ere ematen du, eta horrek erakusten du euskara hizkuntza bizia dela. Beraz, segi dezala gure hizkuntzaren alde egiten!
6. Maria
Egunez ez dut denborarik albistegia ikusteko, baina AIZU!ren artikuluekin hainbat ekitaldiren berri izaten dut, batez ere kultura arlokoei buruzkoak. Hala ere, gustukoen jokoen atala dut, entretenitu ez ezik, euskarazko lexikoa ere ikasi ahal dudalako.
7. Laura
Aldizkari bat irakurtzean, bilatzen dudan lehen atala horoskopoarena da. AIZU! aldizkariak inoizko horoskopo originalena eskaintzen du, alde handiz, batzuetan zer esan nahi duen ulertzen ez dudan arren, kar-kar!