IKUSI ETA IKASI
Delirium Tremens
Oihuka, 1989
Zale askok mesfidantzaz ikusten dituzte urteak eta urteak isilik eman ondoren itzultzea erabakitzen duten taldeak. Eta ez da harritzekoa. Delirium Tremensen kasuan, aldiz, badirudi adostasun handia dagoela zaleen artean: haien buelta duintasun handikoa izan da, zuzenean maila emanda eta disko berria besapean. Orain, behin betiko agur esatea erabaki dute, eta, bidea amaitzeko, berriro ere disko bat (azkena izango dena) eta kontzertu sorta utziko dizkigute opari. Oraindik ez dugunez lan hori entzuterik izan, 1989ko Ikusi eta ikasi ekarri dugu hona: euskal rockeko klasiko bat, dudarik gabe. Grabatu zutenean, Iñigo Muguruza oraindik ez zegoen taldean, baina Andoni Basterretxeak lan ederra egin zuen Kaixo, Laino ilunak, Boga boga eta gainerakoak gitarra bakarrarekin janzten.
Gotzon Hermosilla