Maitasun ekintza bat
A BASK TRIBUTE TO YANKA DYAGILEVA
Egun Beltzak
Zenbait zigilu, 2022
Mirari txikia da disko hau, soilik maitasunak lor ditzakeen mirakulu horietako bat. Yanka Diagileba siberiar poeta eta kantaria izan zen, eta 1991n Inya ibaian itota hil zenetik (haren heriotzaren inguruko xehetasunak oraindik misterioa dira) Errusiako underground giroaren ikono bilakatu da. Egun Beltzak taldeak, hau da, Irungo Aitor Perez eta Eneritz Furyak musikariek, egile errusiarrak sortzen dien miresmenak bultzaturik, haren hamalau abesti errusieratik euskarara egokitu eta disko eder hau grabatu dute. Artista paregabeari omenaldia egiteaz gain, gure artean ezagunagoa izateko balio beharko luke lan honek.