493labandibar

Goiatz Labandibar

heltzear web

Akaso, Durangoko Azokatik bueltatxoa egin berritan edo egitear irakurriko duzu zutabe hau. Baliteke batzuentzat lehenengo aldia izatea, baina ziurtatzen dizut, irakurle maitea, behin eta berriz itzuliko zarela Landako ingurura. Izan ere, azkenaldian hain modan jarritako FOMO (Fear of Missing Out, alegia, zerbait berezia galtzeko beldurra) horren parte DA! Durangoko Azoka gure ekosistema txiki honetan: bertatik pasatu ez dena ez da existitzen.
Nik ere egingo dut bueltatxoa, eta, haurrek Olentzerorentzat bezala, erosteko liburu eta diskoen zerrenda eginda joango naiz. Aurten, horien artean Fatima Mernissi idazle marokoarraren Terraza debekatua egongo da, oraintxe euskarara ekarri berria (eskerrik asko liburua euskaratzeko erabakia hartu zuenari!).
Irakurtzea ere bada zerbait politikoa. Erabakiak hartzen ditugu, zer eta nola irakurriko dugun, adibidez. Nik duela asko erabaki nuen literatur hizkuntza liburu eskaintzaren aurretik jarriko nuela. Liburutegira joan, eta askoz liburu aukera zabalagoa dut espainieraz, baina nerabea1 nintzela hartu nuen erabaki kontzientea izan zen, txandaka irakurriko nuela euskaraz eta espainieraz, esaterako.
Eta horrekin lotuta dago liburu beraren hainbat hizkuntza edizio apalategian pilatzea ere. Hain zuzen, Mernissiren liburuaren lau ale izango ditut etxean: gaztelaniazko itzulpena (edizio horrekin deskubritu nuen liluratuta2 utzi ninduen liburu hau); frantsesezkoa (jatorrizko3 bertsioa zelakoan erosi nuen); ingelesez (jatorrizko bertsioa hizkuntza horretan idatzi zela jakindakoan erositakoa); eta orain, euskaraz ere bai: hain kuttuna4 dudan liburua nire hizkuntzan irakurri ahal izateak ematen didan pozarengatik.
Batek baino gehiagok pentsatuko du friki hutsa naizela, baina, jatorrizko bertsioaren zale porrokatua5 banaiz ere, hizkuntza bat baino gehiagotan izaten ditut liburu kuttunenak nire liburutegian; jatorrizkoak irakurtzeko gai banaiz, erosi egiten ditut, eta euskarara ekartzen direnean, ere bai, beti-beti. Irakurtzea ere badelako zerbait politikoa.

1. Nerabe: adolescente (es), adolescent, -e (fr).
2. Liluratu:
fascinar (es), fasciner (fr).
3. Jatorrizko:
original.
4. Kuttun:
oso-oso maite.
5. Porrokatu:
empedernido, -a (es), invétéré, -ée (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.