Adin txarra
“Adin txarra daukat nik orain aldatzeko!”. Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldia? Zenbat gauza justifikatu ote dituen jendeak aldatzeko zailtasunaren aitzakian! Adin txarrik ez dago, ordea. Adina jaiotzen garen unetik gorantz doakigun zenbakia da, eta ez dago gelditzerik. Ebakuntza estetikoak egin ditzakezu, edo inguruko guztiei gezurra esan, edo denboraren kontra korrika egin, baina adinari ez diozu ihes egingo. Eta gorputzak esan egingo dizu: “Et, et, et! Astiro, mesedez”. Hala eta guztiz ere, adina ona da. Adina ona da, memento bakoitzean daukaguna baino ez daukagulako. Ezin dugu joandako denbora berreskuratu, ezin dugu berriro 15 urte izan eta ezin dugu nahi dugunean 18 bete. Adinak bere denbora dauka: presarik gabe, baina etengabe, harrapatzen eta pasatzen gaitu hala tokatzen den aldiro.
Orduan, adin txarrik ez dago. Jakin egin behar dugu daukagun adinarekin zein gauzek egiten diguten on eta zeinek kalte besteei. Umetan, hori guztia esan egiten ziguten: ez jan lurrean hartutako txiklerik, ez hitz egin ezezagunekin, eman muxu amamari , eman eskua aitari, eman besarkada amari, bete andereñoaren esana… Gero irakatsi ziguten bide horretan sakondu ahala, geuk ezarri genizkion mugak geure buruari: edukazioagatik beti ezin da muxuak ematen ibili, gu baino gorago omen daudenen esana ez betetzeagatik ez da ezer gertatzen, ezezagunekin noraino iritsi nahi dugun guk geuk erabaki dezakegu… eta, behin adin batera helduta, gaizki egiten ditugun gauzak aldatu egin ditzakegu. Bestela, inoiz ez genukeen ezer ikasiko, ume edo zaharregiak izango ginateke beti bizitza zibilizatua egiteko.
Utz ditzagun aitzakiak, beraz. Izan gaitezen gaizki egiten ditugun gauzak hobetzeko gai, izan gaitezen ondo egiten ditugunak lotsarik gabe aldarrikatzeko gai, bizi gaitezen besteei bizitzen utziz eta ez dadila izan adina hori horrela ez egiteko aitzakia.