Hil honetan erdituko naiz bizitzan lehen aldiz. Adinari begira, azken aldia izatea ere posible da. Txostenetan hirugarren adineko ama izango naizela jartzen du, eta haurdunaldi geriatrikoa dudala esan zidan ginekologo batek. Hori, eta lodiegi nengoela ama izateko. Emakumeontzat ez dago epairik gabeko ezer. Gizarteak ama izateko eskatzen dizu, baina ama zarenean ere badaude baldintza batzuk. Sistema kapitalistari ezin dizkiozu besterik gabe eman lan eskuak. Ondo kalkulatu behar duzu zein adinetan izango zaren ama, bikotekidearekin batera edo bakarrik izango zaren, bularra emango diozun umeari ala ez, txertoak ipiniko dizkiozun ala ez, bularra ematekotan noiz arte emango diozun, fardelak erabili eta botatzekoak erosiko dituzun ala behin eta berriro erabiltzeko modukoak… dena estudiatu behar duzu ondo, galdetzen dizutenean zure arrazoiak azaltzeko, eta, hala ere, inoiz ez duzu zuzen jokatuko. Ama ez izatea erabakitzen baduzu, zeurekoia izango zara, eta 45 urtera arte itxaroten baduzu, burugabea. Umeak gazteegia zarenean ekartzen badituzu ere, ez duzu ondo jokatuko, bizitza lehenengo bizi egin behar delako; eta umeari bularra ematen ez badiozu, naturak eman dizun aukera hori alferrik galduko duzu. Ematen badiozu, ostera, mamala izango zara, beste ez dakit zenbat hilabete parrandarik gabe geratuko zarelako. Umeari txerto guztiak jartzen badizkiozu, engainatzeko erraza zarelako izango da, eta bat bera ere jartzen ez badiozu, ardurarik hartzeko gai ez zarelako. Eta horrela etengabe.
Mundua mundu denetik erditu dira emakumeak, oraingo aldean baldintza txarretan. Gaur egun, askoz errazagoa dirudi guztiak, baina presio soziala gainditzen dugun arte, zenbait jenderi epai gaitzan galarazten ez diogun arte, ez gara erabat libre erdituko.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.